Denboraldia amaitu eta egun gutxitara Babyauto etxeak beste lau urterako konpromisoa erakutsi dio Orio Arraunketa Elkarteari. Joxean Azpeitia Babyauto enpresaren ordezkariak babesle izaten jarraituko dutel adierazi digu: Babyauton garbi izan dugu Oriorekin goazela. Duela lau urte ontzia bigarren mailan zegoela egin genuen apustu eta beste lau urte jarraitu nahi dugu, gauza politak egin daitezkeela ikusten dugu. Gauzak horrela dordoka koloretsua traineru horiaren brankan ikusiko dugu beste lau urtez.
Orio Arraunketa Elkartea sendotzea izan da Huegunen eta bere lan-taldearen helburua. Etxeko entrenatzaile eta arraunlarien aldeko apustua egin dugu. Hona hemen gure entrenatzaileen argazkia, denak dira Orion arraunean hasitakoak adierazi digu Huegunek. Argazkian elkarren ondoan ikusi ditugu Aizperro, Errasti, Klaudio, Irakoitz, Amilibia eta Urbieta.
Ilusioz itzuli da etxera Aizperro: etxeko jendea izango da oinarri. Arraunlari askok segitzen dute, B ontziko jendea baliatzeko gogoz hasi ditugu entrenamenduak. Garbi du egitekoa: Oriotarrekin ahalik eta talde onena osatu nahi dut, eta behetik gorako bidea egin. Lan horretan ondoan izango du Iñaki errasti, bigarren ontziko entrenatzailea izango da: beti izan dut entrenatzaile lana probatzeko gogoa eta Orio leku ezinhobea da hasteko. Ezagutzen ditut mutil gehienak eta ilusioz hasten naiz.
Nesken taldean ez da aldaketa handirik. Argazkian elkarren ondoan ikusi ditugu Ibon Huegun presidentea eta Klaudio Etxeberria entrenatzailea. Biek bosgarren denboraldia dute Orio Arraunketa Elkartean. Hasitako ibilbideari jarraipena ematea dute helburu, hala esan digu Etxeberria entrenatzaileak: blokea mantenduko dugu, lehen aritutako arraunlari oriotarren bat eta besteren bat ere izan daiteke taldean.
Zuzendaritza taldea honako jendeak osatuko du: Ibon Huegun, Jose Ramon Garate, Iñaki Arostegi, Jose Manuel Agirresarobe, Jesus Mari Aierza, Lino Mari Carrera, Jose Carrera, Zigor Gazpio, Jose Inazio Mujika. Orio Arraunketa Elkartea dagoeneko handia den laguntzaile sarea indartzen ari da. Bide batez, Ibon Huegunek eskerrak eman nahi dizkie aurreko lau-urtekoan eta hasi berri den honetan lankide izan dituen guztiei.