Beste garaipen bat lortu dute oriotarrek. Larrañaga eta Garagarzaren neskek erraz irabazi zuten, 10 goleko aldearekin, 12-22 emaitzarekin amaitu baitzen Udarregi taldearen aurkako partida. Erraz gailendu ziren usurbildarren aurka. Garaipen honekin taularen goialdean jarraitzen dute oriotarrek, laugarren postuan. Datorren asteburuan etxean hartuko dute Bidasoako taldea.
Zarauztarrek hirutik bi irabazi dituzte
Amenabar taldeko mutilek ez dute partidarik jokatu asteburuan, atsedena izan baitute. Asteburu honetan Valladolid taldearen kontra jokatuko dute, ligako talde onenetariko baten aurka. Galtzeko ezer ez daukatenez dena ematera joango direla aitortu du Ander Atorrasagasti jokalariak.
Senior mailako taldeak ez du atsedenik izan. Etxean jokatu zuten partidua Jon Aiertzak eta Jorge Adunak Escolapios taldearen kontra, eta 37-25 emaitzarekin irabazi zuten. Jubenilek, ordea, galdu egin zuten, 29-25 Eibarko Tekniker taldearen kontra. Jubeniletan Mikel Amilibiak jokatzen du. Maria Azkuek ere maila horretan jokatzen du eta erraz irabazi dute asteburuko partida, 41-21.
Bidasoak ez du partidarik jokatu asteburuan
Ligako lehen porrota jaso ondoren, atsedena izan dute irundarrek. Jon Azkueren taldeak ez du partidarik jokatu asteburuan. Datorren asteburuan, ordea, partida garrantzitsua dute, Bartzelonaren aurka jokatuko baitute, Artalekun.
Bidasoa-Irun taldea laguntzeko eguna izendatu dute larunbat honetako partida. Azaroaren 14an izango da, arratsaldeko 19:00etan. Partida ikusteko sarrerak ostegunean eta ostiralean jarriko dira salgai, Artalekun bertan, 10:30etik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. 19 urtetik gorako bazkideek zortzi euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek 12. 15 urtetik 18 urtera arteko bazkideek bost euro eta bazkide ez direnek zortzi. 14 urte bitarteko guztiek euro bat ordaindu beharko dute.