Moda desfilean iaz baino jende gutxiago

Karkara 2015ko aza. 6a, 11:07

Herenegun bildu zen Merkataritza Mahaia, eta merkataritzako batzorde buruak, Elixabete Bellok, azaldu digunez, fashion weekaren balorazioa egin zen eta Eguberritako ekimenen proposamenak landu ziren.

Azaroaren 4an bildu zen Merkataritza Mahaia. Eguerdiko 14:30ean, kultur etxean. Lehenik eta behin Fashion week ekimenaren balorazioa egin zuten, eta, besteak beste, iaz baino jende gutxiago ibili zela azpimarratu zuten. Larunbatean beharrean igandean egiteak eragina izan zezakeela pentsatu zuten, larunbatean jende gehiago ibiltzen baita. Baina, bestalde, igandean izateak lasaitasuna eman zien dendariei.

Iaz iritsi ezinik ibili ziren, izan ere, larunbateetan dendak irekita eduki behar dituzte. Hortaz, denda irekita edukitzeaz gain desfilea prestatzea ere egokitzen zitzaien. Lanez gainezka ibili ziren, oso urduri eta larrituta. Aurten, ordea, lasaiago ibili dira. Igandean dendak itxita daudenez desfilean zentratu ahal izaten zuten.

Modaren astearen balorazioa egiteaz gain, Eguberriei begira ere jarri ziren. Hainbat ekimen jarri zituzten mahai gainean, baina oraindik ezin dituzte ezagutzera eraman, ez baitituzte guztiz lotu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide