Jakina da gantz eta azukre asko duten elikagaiak ez direla osasuntsuak. Baina, zergatik ez dira elikagai hauen iragarkiak debekatzen? Telebistan agertzen diren janari iragarkien erdiak baino gehiago elikagai ez osasuntsuen taldekoak dira. Gainera, horrelako iragarki gehien haurren ordutegian izaten dira.
Elikagaien industriak zerbaitean asmatzen badu, publizitatean da; horrelako produktuak zoriontasunarekin lotzen dituzte iragarki erakargarriak eginez, eta pertsonai edo maskota ezagunak erabiliz. Ondorioz, kontsumitzailea produktu horiek lehenetsi eta erostera eramaten du. Ez gara ohartzen horrelako iragarkiek zenbatetaraino eragiten duten gure erosteko eta jateko moduan.
Eta gurengan eragina badu, haurrengan are eta gehiago. Hainbat ikerketen arabera, haurrek obesitatea izateko arrazoi nagusietako bat mota honetako elikagaien iragarkiak dira. Hiru haurretatik batek obesitatea izatea ekidingo luke horrelako publizitatea ikusiko ez balu.
Gantz eta azukretan aberatsak diren elikagaiak gure osasunerako hain kaltegarriak badira, obesitate kasuak gutxitzen laguntzeko, horrelako elikagaiak iragartzea debekatu beharko litzateke.
Tabakoaren inguruko iragarkiak debekatu zirenetik, erretzaile kopurua nabarmen jaitsi da, batez ere, gazteen artean.Tabakoaren legean oinarritu beharko lirateke agintariak eta bide beretik abiatu. 80. hamarkadatik obesitate kopurua bikoiztu egin da eta aurreikuspenak oso kezkagarriak dira. Hoberena horrelako jakiak debekatzea izango litzateke. Baina elikagaien industriak pisu handia duenez, iragarkiak debekatzetik hastea ez legoke gaizki.
Bitartean, gomendio bat; haurrei ez utzi telebista gehiegi ikusten. Mugimendu eta jolasean pasako dute denbora gehiago eta horrelako iragarkiak gutxiago ikusiko dituzte.