Hirutik bi irabazita

Karkara 2015ko aza. 4a, 13:06

Asteburuko ia partida guztiak irabazi dituzte oriotarrek, hirutik bi. Horrez gain, Iker Gurrutxagak selekzioarekin jokatzeko aukera izan du eta bi partidak galdu arren esperientzia aberasgarria izan da beretzat.

Errendimendu mailako junior emakumeek etxean jokatu zuten asteburuko partida eta 9 puntuko aldearekin irabazi zuten, 48-39. Uste baino partida gogorragoa izan zen junior neskena, erraz irabazten egon ondoren, amaiera estutu egin baitzuen Easok. Oriotarrak taularen erdialdean daude, laugarren postuan. Orain arte sei partida jokatu dituzte eta erdiak irabazi eta erdiak galdu dituzte.

Bizilagunaren aurka jokatu zuten infantil neskek partaidetzaren kategorian. Zarauzko ZAST 2001 ZKE taldearen kontra jokatu zuten eta erraz irabazi zuten, 18-94. Nagusitasun osoz gailendu ziren oriotarrak.

Puntu bakarrarengatik ez zuten irabazi infantil mutilek handi partaidetza kategorian. 46-47 emaitzarekin amaitu zen partida, Arri BKL liderraren aurka. Kontuan izanda Arri sailkapeneko lehen postuan dagoela eta orain arte jokatutako hiru partidak irabazi dituela, emaitza ona da oriotarrek asteburuan lortutakoa. Akats asko egin ziren eta hori ondo aprobetxatu zuen aurkariak. Orioko taldea hirugarren da sailkapenean, hirutik bi irabazita.

Iker Gurrutxaga Gipuzkoako Selekzioarekin

Euskadiko txapelketan Gipuzkoarren talde teknikoko kide izan zen Gurrutxaga, beste behin. Jokatutako bi partidak galdu zituzten eta horrek pena eman arren, esperientzia aberasgarria izan zen oriotarrentzat.

Arabaren kontrako partida borrokatua izan zen, baina amaieran, nekea medio, tartea zabaldu ahal izan zuten arabarrek. Bizkaitarren aurkako partidan, ordea, hasieratik aurretik jarri ziren bizkaitarrak.

Bi partidak galdu arren, Gurrutxagarentzat erronka bat izan da talde berri baten dinamikan lan egitea eta garrantzitsua izan da jokalari berriak ezagutzea. Finean berak egindako esfortzua kontuan hartzen dutela ikusi du beste behin selekzioan tokia izatean.

Aurten gogorragoa egin zaio oriotarrari: lan karga handiagoa daukat beste urteekin alderatuz gero. Izan ere, astean sei entrenamendu eta bi partida izaten ditu. Eta, selekzioarena, igande arratsaldetan izaten zen. Hau da, txapelketako asteburuan lau partida eta aurkari bat ikusi behar izaten zuen Gurrutxagak. Gogorra da, baina ikasi nahi bada eta hobetu egin nahi bada, hortik pasa beharra dago, azaldu du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide