Erraz irabazi dute oriotarrek

Karkara 2015ko aza. 4a, 11:48

34-16 irabazi zuten Orioko infantil neskek beren hirugarren partidan, Egia eskubaloiaren aurka. Sailkapen orokorrean laugarren postuan daude, taularen goialdean. Oriotarrak parte diren gainontzeko bost taldetatik bakarrak irabazi zuen.

Gari Garagarzak eta Idoia Larrañagak entrenatutako taldeak indartsu hasi du denboraldia. Jokatutako hiru partidetatik bi irabazi ditu, azkena pasa den asteburuan, eta erraz gainera. Markagailuak behintzat hori dio, partida nagusitasunez irabazi zutela, 34-16.

Egiako eskubaloi taldea izan zuten aurkari. Taularen erdialdean daude donostiarrak, eta, oriotarrak, taularen lehen postuetan daude. Bi puntura dute lidergoa, gertu. Datorren astean Usurbilgo Udarregi taldearen kontra jokatuko dute, eta irabazten ahaleginduko dira, liderretik gero eta gertuago egoteko.

Zarautz taldeko oriotarrek garaipen bakarra

Asko dira Zarautzen eskubaloian dabiltza oriotarrak. Horietatik maila gorenean daudenak dira, besteak beste, Atorrasagasti anaiak. Igandean jokatu zuten partida, Ciudad Realen, eta berdinketa lortu zuten. Emaitzarekin gustura dago Ander Atorrasagasti, kanpoan puntuak lortzea oso zaila baita.

Partiduan zehar oso gustura sentitu zirela azaldu du. Oso taldea gaztea gara eta geroz eta esperientzia gehiago ari gara hartzen eta hobekuntza asko ari gara nabaritzen. Partida estua izan zen, berdinduta joan ziren ia minutu guztietan. Azken bost minutuetan aurretik jartzea ere lortu zuten, baina azkenengo gol aukera Ciudad Realgoek zutela ikusita, oso positiboki baloratu du lortutako puntua. Lasaitasuna ere ematen digu, gaineratu du.

Aste honetan ez dute partidurik, baina ondorengo bi asteetan ligako bi oilar jasoko dituzte: Valladolid eta Zamora. Partida zailak diren arren lotsagabe joango direla aitortu du, ez baitaukate ezer galtzeko.

Seniorretan bi oriotar ari dira jokatzen, Jon Aiertza eta Jorge Aduna, eta 27-27 berdindu zuten asteburuko partida. Jubenil mailan, gizonekoetan, Mikel Amilibiak jokatzen du. Asteburuan galdu egin duten, 47-33, etxetik kanpo, Tolosaren aurka. Bestalde, maila berean Maria Azkue ari da jokatzen eta lau goleko aldeagatik irabazi dute asteburuko partida, 25-21, Leizaran Lanbroa tabernaren kontra.

Ligako lehen porrota

Jon Azkue jokalari den Bidasoa taldeak Ligako lehen partida galdu zuten. 27-21 emaitzarekin galdu zuten, Palma del Rioren aurka, etxetik kanpo. Partida honekin Bidasoako mutilek ezin izan zuten aste gogorra biribildu.

Partida gogorra izan zen asteburukoa. Fernando Bolearen mutilek ezin izan zuten erasoan eraginkorrak izan. Azkuek 21 goletatik 4 sartu zituen. Hurrengo partida hemendik bi astera izango dute, Artalekun, Bartzelonaren aurka.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide