Ibaiko draga lanak geldituta, momentuz

Karkara 2015ko aza. 3a, 15:36

Eusko Jaurlaritzak ez dio berritu Arenas Aizpurua S.Lri 1999tik zuen baimena. Errekurtsoa aurkeztu du enpresak, baina epaia eman arte ezingo du jarduerarekin jarraitu. Dragatze lana hondartzako aldaketen eragileetako bat izan daiteke, EHUko ikerketa baten arabera.

Arenas Aizpurua S.L dragatze enpresari duela 15 urtetik zuen lizentzia ez zaio berritu. 2014ko uztailean Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak enpresak egindako eskaera ukatu zuen. Eskaera horretan, Aizpuruak 1999tik  zuen kontzesioaren luzapena eskatzen zuen. Eusko Jaurlaritzak eskaera ukatu zuen.

Arenas Aizpuruak errekurtsoa jarri du, eta epaia erabaki bitartean kontzesioa ez emateko administrazio-egintza etetea eskatu zuen, hau da, dragatzen jarraitzeko baimena eskatu zuen. Auzitegi Nagusiak eskaera atzera bota du, eta autoa irmoa da. Beraz, gaia erabakitzen duen sententzia eman bitartean enpresak ezingo du dragatzen jarraitu.

Draga, hondarraren egoeraren eragile posiblea

2012an Orioko hondartzetako hondarraren azterketa egin zuten EHUko Topografiako ikasle Nerea Argotek eta Jon Azpirozek. Azterketa horretan hondar aleen tamaina handitzea –1988an 275 mikrakoa zen eta 2012an 700ekoa– eta hondartza beraren aldaketa bi faktore nagusik eragin zezaketela zioten.

Batetik, kanpoko barra muturrak  korronteak eta olatuen norabidea aldatu duela zioten. Lehen hondartzaren eskuineko harroketan hondar gehiago pilatzen zela, eta orain, alderantziz gertatzen dela ikusi zuten.

Bestetik, kanpoko barraren inguruan egiten diren dragatze lanak beste arrazoi bat izan zitekeela zioten. Azterketaren arabera, dragatzean hondar fina eramaten dutenez, ale lodiak soilik geratzen dira hondartzan, eta hori izan daiteke urertzean aldapa handia agertzearen arrazoia.

Hondartzako hondarraren egoerak herritarrak kezkatu ditu azken hamarkadan. Herrio Natur Taldeak eta Orioko Surf Taldeak hondartzen egoera aztertzeko beharra askotan azaldu dute, eta dragatze lanak behar ez ziren lekuan egiten zirela salatu dute.

1979tik dragatzen

60 urte inguru pasa dira Arenas Aizpurua lanean hasi zenetik. Ortzaika auzoan zuten hondartegia hasieran, 1978an Xuain moila egin zuten arte. 1982an Espainiako Gobernutik Eusko Jaurlaritzara pasa zen dragaren konpetentzia eta  1999an Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak Orioko portuko lur sail bat okupatzeko baimena eman zion Aizpuruari. Lur sail horiek hondarraren manipulaziorako eta morteroa egiteko erabiliko zirela zioen kontzesioak. Lurrak okupatzeko baimena 15 urtetakoa zen kontzesioaren arabera, eta 5 urtetako 3 luzapen egiteko aukera ematen zuen.

2014ko martxoan, baimena amaitu baino lau hilabete lehenago, lehen luzapena eskatu zuen Aizpuruak. Urte horietan bi alderdietako inoren salaketarik eta jardueran ezbeharrik ez zela gertatu azpimarratu zuen enpresak. Uztailean, luzapena ukatu zion Garraio Azpiegituren zuzendariak.

Eusko Jaurlaritzaren arrazoiak

Bi dira Administrazioak kontzesioa ez luzatzeko ematen dituen arrazoi nagusiak, Garraio Zuzendaritzak emandako dokumentuaren arabera. Batetik, hondar aleen tamaina eta itsasertzeko aldapa aipatzen dira ebazpenean: Gipuzkoako Itsasertzeko Zerbitzuak bidalitako idatzietan, azken lau urteetan Antillako hondartzako hondar aleen tamaina handitzea eta marearteko zonako malda handitzea salatzen da. Epaia eman bitartean dragatzen jarraitz­eko baimena ukatzen duen autoan Itsasertzeko Ministerioaren –Costas– txostenak aipatzen dira. Horiek diotenez, Arenas Aizpurua denez inguruan dragatze eta erauzketa lanak egiten dituen bakarra, azken urteetako kalteen eragilea bera izan daiteke.

Bigarrenik, Aizpuruak Tasen Legearen arabera Gipuzkoako Portu Zerbitzuak egindako fakturazioaren aurka jarritako gorako errekurtsoak aipatzen ditu.

Horrez gain, beste bi gai aipatzen dira Auzitegi Nagusiaren autoan. Batetik, jarduera baimendutako portu-eremutik kanpo egiten dela salatzen da. 15. orrialdeko lehen argazkian itsasertza eta portu eremuak banatzen dituen lerroa ikusten da. Lerro horretatik ibaialdera portu eremua izango litzateke eta itsasaldera, berriz, kostalde eremua. 1999ko kontzesioaren arabera, Aizpuruak ibaian aritzeko baimena du, eta ez itsasertzean.­

Bestetik, Kostaldeei Buruzko Legea  aipatzen du autoak; 63.2 artikuluak honela dio: eraikuntzarako agregakinen erauzketa debekatua dago, hondartzak sortu eta birsortzeko bada izan ezik. Horrez gain, ateratako hondarra saltzea debekatuta dagoela azpimarratzen du administrazioak autoan.

Azken hori azpimarratzen du Almudena Ruiz de Angulok, Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politika saileko Garraio Azpiegituren zuzendariak. Hondarra baliabide naturala eta ondare mugatua da, eta Kostaldeen legeak 1988tik dio ezin dela atera eta saldu. Hori da, Ruiz de Anguloren esanetan, neurriarekin ekidin nahi dutena, Eusko Jaurlaritzaren eginkizuna baita ingurumena zaintzea. Hondarra kendu eta berriz jartzen ez bada, hondartzek atzera egiten dute.

Eusko Jaurlaritzak bere jarduera birmoldatzeko proposamena egin dio Aizpuruari: ibai askok behar dute draga, ontziak bertatik ibil daitezen, baina garrantzitsua da ateratako hondarra beharrezkoa den beste leku batean botatzea, hondar hori ekosistematik irten ez dadin.

Draga hondartzaren aldaketaren eragilea den galdetzean ez dakiela dio Ruiz de Angulok, ziurrenik arrazoi bat baino gehiago daude, eta azterketa bat egin beharko da.

Sententziaren zain

Kontzesioan aurreikusten zen lehen luzapena eskatu zutela, eta ukatu egin zitzaiela dio Aizpuruako arduradunak. Jarduera uztea eta instalazioak kentzea eskatu ziguten. Erabaki hori errekurritu genuen, bide administratibotik lehenengo eta judizialetik gero.

Auzitegi nagusiaren ebazpen judizialak, dragarekin jarraitzen utzi ez arren, sententzia eman arte instalazioak okupatzen jarraitzeko baimena ematen diola azpimarratu du. Azkenik, auzitegiak sententzia laster emango duela dio, eta orduan jakingo dutela dragatze lanak berekin daitezken edo ez.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide