Zaharrenak zortzi urte daramatza Esperientzia Eskolara joaten, baina ateak irekita eta besoak zabal-zabalik dituzte animatzen den edonorentzat.
Askok pentsatuko dute: zahartutakoan eskolara?
Sekula eskolara joan ez garenok, edo ikasteko gaitasuna izan ez dugunok ere hori pentsatu genuen. Baina, zergatik ez? Gainera, aurreiritzi batzuekin etorri ginen hona, baina guztiak hautsi zitzaizkigun hemen. Zoragarria da hau, paregabea. Oso gustura etortzen gara.
Zer nolako eskolak izaten dituzue?
Denetik ikasten dugu: Euskal Herriko historia, musikaren historia, autoestimua... eskolak teorikoak eta praktikoak izaten dira, hausnarketa asko egiten dugu eta horrek gure barne gatazkak konpontzen eta ideiak antolatzen laguntzen digu. Hazkuntza pertsonalerako paregabea da.
Aberasgarria da orduan...
Guztiz. Batzuetan pentsatzen duzu ondo zaudela, baina hemen geure burua gehiago ezagutzen ikasi dugu, barrura begiratzen, eta barruan daukagun hori kanporatzen. Komunikatzen ere ikasi dugu. Guretzat tabuak ziren gaiak mahai gainean jarri ditugu eta askatasun osoz hitz egin dugu horien inguruan. Iritzi askotariko jendea batzen gara, baina sekula ez diogu batak besteari iskin egiten, errespetatzen ere ikasi dugu. Pertsona moduan asko ireki gara.
Egunerokorako baliagarriak diren gauzak ikasi dituzue, beraz.
Bai. Bizitzari begiratzeko modua aldatu zaigu. Bakoitza den bezala baloratzeko balio izan digu, bakoitzari dagokion tokia zein den jakiteko: lehen postuan egoteagatik onena ez zarela jakiteko, baita azken postuan egoteagatik txarrena ez zarela ohartzeko ere. Guztiok dugu balioa.
Elkar ezagutzeko ere balio izan al dizue?
Bai, gure arteko aurreiritziak apurtzeko ere balio izan du. Ezagunak ginen, herrikoak garelako, baina ez genuen harreman esturik. Hemen elkar ezagutu dugu eta oso harreman ona egin dugu. Haurrak ezagutzeko aukera ere izan dugu. Berak guri egungo teknologiekin zerikusia duten gauzak erakusten dizkigute, eta guk berei galtzear dauden kontuak. Zoragarriak dira berak, baita ekimena ere.
Haurren bisita ez ezik, profesionalen hitzaldiak ere izaten dituzue.
Maiz etortzen dira eta asko gustatzen zaizkigu. Berak garapen pertsonal handia dute eta beren esperientzia eta jakintza partekatzen dute gurekin.
Orduan merezi izan du izena emateak, ezta?
Dudarik gabe. Askok ez dakite hau dagoenik ere, eta dakiten askok ez dakite zer egiten dugun. Gauza positibo ugari ematen dizkigu Esperientzia Eskolak, izugarrizko esperientzia da eta edonor animatuko genuke hona etortzera. Merezi du.
Aurrerantzean Esperientzia Eskola kudeatzen duen Mugabe Elkartea ERAK enpresaren parte izango da. Enpresaren helburua pertsonen ongizatea bermatzea izango da, gertutasunetik. Ez soilik helduei, baita haurrei ere.