Garaipenak, berdinketak eta porrotak. Denetik izan da asteburu honetan futbolari dagokionez. Garaipen garrantzitsuak lortu ditu Oriokok, ohorezko erregionalen mailan, adibidez. Baina partida onak egin arren punturik eskuratu gabe ere etxeratu ziren ohorezko jubenilak eta infantil neskak, esaterako.
Ohorezko erregionalek 1-2 irabazi zuten Real Union taldearen aurka. Golak Josu Solaberrietak sartu zituen. Kadeteetan ere garaipen lortu zuen Oriok, erraz gainera, 4-2 Zarautzen kontra. Emaitza ona da hau kadete taldearentzat, lehen bi postuetan sartu baitira eta igoera faserako sailkatzeko aukerak ematen baitizkie.
Berdinketa erregional neskek eskuratu zuten. 3-3 berdindu zuten Hernaniren aurka. Pena izan zen partidan puntu bakarra lortzea, 3-0 irabazten joan baitziren. Dena den, emaitza honekin, oraindik, aurreneko hiruren artean sartzeko aukerak dauzkate.
Gainontzeko taldeek galdu egin zituzten partidak. Ohorezko jubenilek 1-2 galdu zuten Kostkas taldearen aurka. Irabazten hasi ziren, 1-0, baina penalti bat huts egin ostean bi gol sartu zizkieten eta partida galdu zuten. Ohorezko infantilek ere galdu egin zuten, 4-0, Antiguoko talde indartsuaren aurka. Infantil txikiek ere Eibarren kontra galdu egin zuten, 4-1. Infantil neskek 2-0 galdu zuten Zumaiaren aurka. Nahiz eta partida ona egin, ez zuten golik sartzea lortu.