Bileren eta bileren ondoren, alderdi barruko primarioak irabazi, liberatu, hauteskundeetara aurkeztu eta, gaur egun, batzarkidea da Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Oriora etorri da bizitzera gainera, bi hilabete ez dela.
100 egun igaro dira kargua hartu zenutenetik. Zer sentsazio dituzu?
Hasieran onak, funtzionarioek izugarri lagundu ziguten, batzarkide berriak ezagutu nituen, eta pertsonalki ondo sentitu nintzen. Alderdi gisa, konplikatua izan da. Kontziente gara, sei batzarkide izanda, gutxi garela, neurri batean. Gogoratu nahi nuke, PPk batzarkide bakarra duela, eta PSEk 9; eta EAE mailan, Euskadiko hirugarren alderdia garela botoetan.
Beraz, lortu duguna, gutxienez behintzat, zera dela uste dugu: hitz egiteko modua aldatzea. Eguneroko hizkeran, hiritartasunaz hitz egiten da, parte-hartzeaz, gardentasunaz... eta zenbait politikariren ahotan entzun ezin zintezkeen hitzak entzuten dira. Horretan eragina izan dugula uste dugu. Kaleko jendearekin harreman zuzena dugu, edozeinek hartu dezake parte gure zirkuluetan, eta hori helarazten saiatzen gara etengabe. Zailena nahi genuena lortzea da, urte asko daramatzaten juntakideak daude, zirrikitu guztiak ezagutzen dituzte, eta oso zail jartzen dizkigute gauzak. Gobernuan dauden alderdiak, EAJ eta PSE, harresi bat eraikitzen ari dira, eta gainontzeko alderdiei ezinezko zaigu kasik ekarpenak egitea.
Oriotar askok ondo dakite zure aita, Luis, zinegotzi izan zela Orioko Udalean PSOEren izenean. Nola bizi izan duzu hori? Nola ikusten duzu PSOE?
PSOErekin izandako nire harremana beti oso bizia izan da. Alderdi sozialistaren inguruko jende asko ezagutzen dut, eta horregatik, hain zuzen, ez nago PSOEn, eta Podemosen nago. Alderdi guztietan bezala, badago kaleko jendea, zinegotzi dabilena eta abar, balio handikoak direnak; onartu beharra dago, ordea, alderdi sozialista itxuragabetu egin dela, iparra galdu duela, eta eskuinera jo duela zeharo alderantziz behar lukeenean: bere oinarrietara jo, eta bere Pablo Iglesias aurkitu. Nire aitari dagokionez, bera beti izan da oso kritiko militante izan den alderdiarekiko, eta gaur egun, urrutiratuta dago.
Hitz egin dezagun politika errealaz. Zergen diru bilketa dela eta, datuak atera berri dira EAEn, eta espero zenaren azpitik bildu da, Gipuzkoan izan ezik.
Lehengoan izan genuen komisioan azaldu zizkiguten kontuak, eta harrigarria da, lau urtean Gipuzkoan EH Bildu agintean egonda, hura bakarrik izan dela aurreikusitako diru bilketaren goitik egon dena. Kuriosoa da EAJk, Bizkaian agintean egonda, nola jarri dituen emaitza horiek bere lanaren ondorio balira bezala. Gainera, nola Gipuzkoan hain ondo joan diren gauzak, Aberastasun Handien gaineko zerga kendu egin dute. Atzo, bertan, finantza komisioan, arau foral berriaren proposamena azaldu zigun Jabier Larrañaga zuzendariak: higiezinetan eta akzioetan, milioi bat euro baino gehiago dituenari, kalifikazio berri bat aplikatuko zaio arrasera berri batekin. Orain arte hiru baremo erabiltzen ziren: balio katastrala, merkatukoa eta erosketakoa. Merkatukoa eta erosketakoa kendu egingo dituzte, eta katastrala bakarrik laga. Denok dakigu, balio katastrala etxebizitzaren balioaren oso azpitik dagoela. Neurri horrekin bakarrik, gertatuko dena da, orain arte miloi bat euroko langa igarotzen zuten askok ez igarotzea, eta zerga hori ordaindu beharrik ez izatea. Egia da, aurreko zerga errebisatu zitekeela, batez ere, zenbait enpresengan eragina zuelako, beren irabaziak berrinbertitzen dituztenenei zergapetzen zitzaielako. Bale, hobekuntzak izan zitzakeen aurreko zergak, baina esatea 3 herrialdeen harmonizazioaren izenean, Gipuzkoako zerga kendu egin behar dela! Ez al litzateke hobea Araban eta Bizkaian Gipuzkoako zerga ezartzea?
EAJk eta esaten duena da, erreforma honekin, Gipuzkoako enpresa sarea indartuko dela, eta lanaren etekinak handituko direla. Beren ustez, etekin horietatik jasotzen denarekin, zuloa tapatuko da, espero den 1,3 miliotako zuloa. Kalkulu eta balantze ugariren ondoren, esaten dute 62.000 € bakarrik galduko direla. Ikusiko dugu, hemendik urte betera! Eta okerrena da alderdi sozialistak hori onartu egingo duela, aberatsen aldeko eta pobreen kontrako zerga hori.
Hondakinen bilketa, errausketa...
Batez ere, pentsatu behar dena da, adostasun bat bilatu behar dela. Profesional independenteak plan bat proposatu beharko lukete, eta hiritarrek, datuekin, erabaki. Nahiz eta askok horrela uste, jendea ez da inozoa.
Atez atekoa, berez, ez da txarra. Arazoa da ez dela adostasunik egon, eta lehen zenbait tokitan ezarri zen bezala, orain kendu egin dutela. Badira elkarte batzuk, Greenpeace edo Zero Zabor adibidez, neurri batzuen alde edo kontra daudenak. Iraunkortasunaz hitz egin behar da, Europako hondakinen legeei buruz... baina, zalantzarik gabe, ondo birpentsatu behar da errauskailuarena. Arau bat dago, esaten duena 2020tatik aurrera errauskailuak desagertu egin beharko direla. Hori jakinda, errauskailu bat egiten 2016an hastea, Bizkaian bere gaitasunaren azpitik lanean ari den beste bat dagoela kontuan hartuz, zentzugabekoa da. Hondakinak gutxitu beste erremediorik ez dago.
Zertan da Bidegi auzia?
EH Bilduk eta guk proposamen bat egin dugu ikerketa batzorde bat martxan jartzeko. PPk baiezkoa emango duela esan du, baina PSEk, nahiz eta pasa den legealdiaren bukaeran baiezkoa emango zuela agindu, ez du orain beharrik ikusten.Guk, argitzea nahi dugu, dokumentu berri batzuk agertu dira-eta.
Eta, bukatzeko, Orio?
Orio oso leku egokia da bizitzeko, eta haurrekin bizitzeko. Txikia da, baina zerbitzu aldetik denetik dago. Pena, hondartzan egin zenak ematen dit: barra-mutur handiak, surfa egiten dudan aldutik, kofradia berriak eta abar.
Irakurleen galderak
Podemos-en emaitzak EAEn, Estatukoekin konparatuz, bataz-bestekoaren azpitik izan dira nabarmen. Zein dira zure ustez alde honen zergatiak?
Emaitza onak izan ziren guretzat, hasteko. Ezker-eskuin ardatzetik interpretatzen badugu, 0tik hasi eta 3. indarra izatera iristea, bada zerbait euskal gizarte honetan, nolabait, kontserbadoreagoa den gizarte honetan. Bestetik, hemen eta Katalunian, abertzaletasunaren indarra dela eta, independentziazaleen edo ez independentziazaleen artean bereizten da gehiago. Podemosen kasuan, iruditzen zaigu, independentzia ez dela orain hartu beharreko bidea, nahiz eta beti erabakitzeko eskubidearen alde egon garen.
Katalunia eta EHren erabakitzeko eskubidea defendatu izan duzue. Independentziaren aldeko jarrera hartuko balute, errespetatuko al zenukete?
Jakina. Herriak esaten duena herriak esaten duena da. Jendea ez da leloa, eta erabaki bat hartzen badu zerbaitegatik izango da.
EAE mailan, zertan ezberdintzen da Podemos beste alderdiengandik?
Lehen esan dudan bezala, hemen alderdi independentziazaleak daude, eta independentziaren kontrakoak. Gu, beste garai batzuetan iritsi gara, ETAk hiltzeari laga dio, eta guk ez dugu beste batzuek gainean duten motxila. Hori Batzar Nagusietan nabarmena da, EH Bilduri askotan leporatzen diote EAJk edo PSEk beren iragana.
Eta gu zertan gara desberdinak? Batetik, politika behetik gora egitea bilatzen dugu, gardentasuna eskatzen dugu, pertsonak hartzen ditugu ardatz, burokrazia eta liskarren politika zaharkitua ahaztu eta adostasunean eta elkarrizketan oinarritutako politika bat nahi dugu. Banku eta abarren interesetan ez pentsatu, eta denon parte-hartzean sinisten dugu. Horregatik ez ditugu donazio handiak onartzen.
Arnaldo Otegi, Rafa Diez, eta beste hainbat preso politiko aske geratzearekin bat al zatozte?
Pasa den larunbateko manifestazioa dela eta esan beharra dago, ez ginela alderdi gisa joan. Ez dakit nor izan zen antolatzailea zehazki, baina politizatua izan zen. Ahal Duguko lagunak pertsonalki joan ziren eta ez alderdiaren ordezkari gisa. Argi dagoena da, norbait kartzelan badago, baina deliturik egin ez badu, ez lukeela kartzelan egon beharko.