Familiartean jo zituen gitarrarekin lehen notak. Harparen soinuak liluratuta, gitarratik harpara jo zuen. Eta saltoka beharrean, pausoka joan da musikaren ibilbidea osatzen. Orain, harpa bidelagun eta lau mutil gazteren konpainian, familia ederra osatu du diskoa atera eta oholtzara igotzeko pausoa emateko.
Harpa 1981ean ezagutu zenuen...
Ordurako Hernanin nire tarraxkadak egiten nenbilen, batekin eta bestearekin. Irlandako musika zeltiar ugari entzuten nuen, eta Bingen Zupiriak deitu zidan talde bat osatzeko asmotan. Ildo horretako taldea osatzeko baten batek baxua jotzen ikasi beharko lukeela esan zuen, eta beste batek harpa. Harparena burutik kendu ezinik gelditu nintzen.
Benitoren Altabizkar eta Itzaltzuko bardoari diskoan hartu nuen parte; orduan, harpa zuen musikari bat ezagutu nuen eta utzi egin zidan, lardaskatu. Asko gustatu zitzaidan. Benitok Alan Stivell bretaniarraren diskoa utzi zidan, eta liluratu egin ninduen, ikasi beharra sentitu nuen. Kontserbatorioan eman nuen izena.
Badira kontserbatorioan instrumentua jotzen irakasten bai, baina instrumentua askapen-bide moduan ulertarazten laguntzen ez dizutela pentsatzen dutenak.
Niri herri musika gustatzen zitzaidan; hortaz, paraleloki, autodidakta moduan ikasi nuen. Akademikoak gauza objektibo batzuk ematen dizkizu, ikasi beharreko teoriak, klasiko klabean interpretatzeko moduak eta abar; baina, musika popularraren zera hori ikasteko beste bide batzuetara jo behar... eta hori norberaren bilaketa edo jarduera da.
Bakarlari gisa lau disko kaleratu dituzu eta bosgarrena bidean da. Noiz sentitzen du batek diskoa atera behar duela?
Lehen diskoa egitera Benitok animatu ninduen. Eginda nituen kantak erakutsi nizkion, eta berak esan zidan hor disko bat zegoela. Izan ere, lehendabizi kantuak egiteko joera dago: zerbait idatzi, doinua jarri... eta, gero, bilduma hori kaleratzea erabakitzen duzu.
Diskoa fabrikan dago dagoeneko, eta azaroan kaleratuko da. Itxaronaldia luzea egiten ari al zaizu?
Egindako horri punta ateratzen hasi naiz, hau horrela egin izan banu pentsatzen. Atzo, zuzenekoa entseatzen aritu ginen eta gauza batzuk aldatu genituen.
Zuzenekoek orrazteko malgutasun ematen dute, ezta?
Taldearekin ez da denbora asko hasi naizela, hortaz, kantuak janzte horretan, gauza batzuetan asmatu dugu eta beste batzuetan ez. Zuzenekoek horiek zuzentzeko aukera ematen dute.
Ez zara hasiberria, baina bakarlari moduan taulara apenas igo zara...
Lehen diskoa kaleratutakoan kontzertu gutxi batzuk eman nituen. Benitok garai hartan agenda kontzertuz josia zuen, eta datak kointziditu egiten zuten. Nik argi nuen lehentasuna berak zuela, beraz, pauso bat atzera egin nuen. Eta erabaki horren atzean zeuden mamu guztiak...
Behin mamuak uxatuta...
Pauso bat aurrera. Hala ere, ez da gutxietsi egiten dudalako kolaboratzaile papera. Askok diote Benitoren itzalean nagoela. Nik ez dut horrela ikusten, Benitoren musika bera da erdigunea eta ni bere musikaria naiz, ohore handiarekin; bere beharrei, soinuari ahalik eta ongien erantzutea niretzat gauza polita da, aberasgarria. Pauso hau ez dut eman itzaletik lehen planora ateratzeko, nituen kantuei aukera bat emateko garaia heldu dela sentitu dut, naturalki.
Ezberdina izango da bakarlari moduan taularatzea...
Zeharo. Aurrez aurre zu izatea, zuregan egotea erantzukizun guztia. Hain juxtu horiek izan dira arrazoiak urte hauetan guztietan pausoa ez emateko. Baita ere, eta bihotza eskuetan diot, Benito horrenbeste miretsi dudan artista izanik, erabateko komunikatzailea eszenan, hainbeste urte eta gero horrenbesteko jendetza ekarriz... arrakasta horrek ni ere atzera eramaten ninduen taularatzerako garaian.
Orain hutsetik hasten naiz eta gauzak irabazi egin behar ditut. Jada ez ditut beldur horiek, ez baitira bi kasuak konparagarria; hortaz, kantuak zuzenekoetan urratuko ditut, baita neroni ere, eta ikusiko dugu.
Bizi eta sentitzen duzuna ardatz hartuta sortzen al duzu?
Egonezinek eramaten zaituzte idaztera, gehienetan, nire kasuan behinik behin. Idaztea terapia da. Pixka bat psikologoarena egiten duzu zeure buruarekin. Zure koherentziak aurkitu nahian ideiak ordenatzen dituzu idaztean. Gero, hitzei musika ematen zaie, jantzi egiten dira.
Entzuleari, ordea, berak bizitakoaren baitan eragingo dio kantuak...
Kantu bat ez da soilik zurea. Zuk egin duzu baina komunikazioa berea du –edo behar du–, kanpora begira zer eragiten duen, zerbait eragiten badu...
Zuretzat garrantzitsua da eragitea.
Kantu batek ez badu nola edo hala eragiten...
Eta disko honetan zer bizipenetatik abiatu zara?
Bizitzaz oro har, konfliktoez. Nire barnetik abiatutakoak, hasteko. Baina badago gai bat nabarmen aipatzen dudana, edota metaforen atzean ageri dena, politikoa. Gure herriak garai batean hartutako norabidean urrun joan gara, benetan, herri menderatu bezala egon beharko genukeen posiziotik. Hori gure erantzukizuna da.
Non kokatzen gara, bada?
Joko arauan izeneko kantuan garbia naiz: eraso txiki guztiak handien zatiak besterik ez dira, ezin horiei banaka aurre egin... eta guk, euskaldunok, askotan eraso zatiez hitz egiten dugu. Eraso txikiak konpondu nahi ditugu, horien atzean dagoen eraso handia kontuan hartu gabe. Inperialismo espainiarraren –edo frantziarraren– koordenada eta muga guztien barnean ari gara jokatzen, azken helburua balitz bezala, hori sinetsita edo.
Euskal abertzaletasunaren kolore bat edo beste, berdin du, biak txapelaren azpian daude borondatez, inperialismoaren joko arauetan gogotsu parte hartzen. Negar egiten, gainera. Ez dira ohartzen parte hartze horrek ez duela inperialismo hori legitimatu baizik egiten. Apurrak besterik ez ditugu jasoko horrela. Badira bizirauteko derrigor egin behar ditugun kontuak. Baina beste batzuk hautazkoak dira, hor jarri direnak demokrazia dagoela erakusteko, sinistarazteko, eta guk hainbat proposamen baliatu beharko genituzke muzin egiteko: demokrazia deituriko inperialismo hori hitzekin ez, baina ekintzekin ukatuko genuke horrela. Zeren guretzat, Euskal Herriarentzat, demokrazia hori diktadura da. Baina zeinen urrun dagoen herri hau jarrera honetatik...
Herri menderatua baikara...
Herri menperatuak ahulak eta ezjakinak dira politikoki. Eta ezjakintasun hori letala izan da herri honen historiarako. Hartu ditugu erabakiak iraganean, ikastolak sortu genituen, euskararen akademia eta abar. Baina, ohartu gabe, inperialismoaren eskutan umezurtz uzten genituela.
Baina, hala ere, nork esango zieten gure gurasoei legea horrenbeste goraipatuko genuela, legea gora eta legea behera ibiliko zirela beren seme-alabak, berak legea urratuz egin zutenean egin zutena.
Inperialismoaren koordenadetatik pentsatzeari utzi behar al diogu?
Aldarrikatzen badugu herri hau euskaldunona dela, arazo nazionala dagoela, ez dugu bozkan jarri behar herri honen independentzia, ez dugu eztabaidan hasi behar herri honen independentzia nahi ez duenarekin. Norberak jakin behar du norekin eseri eta norekin ez gauzez hitz egiteko.
Orduan, erabakitzeko eskubidea eskatzeak, zuretzat, ez du ez hanka eta ez buru.
Erabakiak hartu egiten dira. Zer da erabakitzeko eskubidea? Erabaki, zer? Zergatik ez da, gutxienez, esaten askatasun eskubidea? Eta horren haritik, nik ez diot askatasun eskubidea eskatu behar mendean hartu nauenari, ez da logikoa. Eskatzeak berak suposatuko luke berak nire askatasunarekiko zilegitasun bat duela, eta hori azkena egin behar genukeena da.
Herri honek ikasi egin behar du ospakizun gutxiago egiten eta pixka bat pentsatzen, zuzen hitz egiten, ez zabaldu den klabeetan. Ondoren, gauzak argi ikusten badira, aurrera egin; bestela, inondik ere ez. Askotan galdetzen da: zer egin? Eta guk esaten dugu: lehenik gaizki egiteari utzi, hori ezinbestekoa da.
Ez atzera eta ez aurrera gaudela kritikatzen dute askok, Katalunia pausoka-pausoka aurrera doan bitartean...
Gutxienez lortu dute munduaren aurrean agertzea. Gu duela urte batzuk Europako zerrendako independizatzeko moduko hurrengo herria ginen. Orain ez gaude zerrendan. Bavaria gure aurretik dago.
Hala ere, Katalunian ere badira kritikoak hor agertzen diren buruzagiekin. Lopez Tenaren artikuluak irakurri
besterik ez dago.
Egoera horrek guztiak eragina du euskal kulturan?
Politikak guztian eregiten du. Politika ere kultura da. Gure politika-kultura negargarria da, eta egoera horretan gehiegi ari gara irauten. Guztiz abandonatuta daukagu. Gero eta ez jakinagoak gara, horretan datza azkenean menderakuntza, herri menperatua ahalik eta ezjakinena izatean. Zapalduak eta ezereztatuak gara gure baimenarekin. Sinestarazi nahi digute aurrera pausoak eman daitezkeela, adibidez, hizkuntzan, baina hori ezinezkoa da egoera honetan.
Orduan, zer pentsatzen duzu euskaldunak izan eta euskaraz kantatzen ez duten taldeez?
Nik garbi daukat nire ildoa zein den. Besteen erabakietan ez naiz sartuko. Herri honek konplexua dauka, hain menperatutakoa denez... Dena den, horiek baino kezkagarriagoak dira bestelako jarrerak. Euskararen alde baino euskarak behar duen hauspoa emango liokeen estatu bat nahi ez dutenena. Horiek azkenaldian perretxikoak bezala ugaritu dira eta arriskutsuak bilakatu dira, nahastu egiten dutelako.
Euskaraz kantatuko bagenu, transmisiorako zubi lan hori egin dezake musikak...
Hala izan behar luke, baina horrela al da? Irratian ere dial guztian dagoena ikusita, argia da inperialismoak moldeatu egiten gaituelako. Baina euskaraz ere egin daiteke Euskal Herrian eta euskararen aurkako kultura.
Zure sorkuntza noiz itzaliko dela uste duzu? Ikusten al diozu amaiera datarik?
Ez dut horretan pentsatzen. Askotan iraganari eta etorkizunari begira bizi gara, momentua bizitzeari uzteraino. Orain eskuartean disko berria daukat eta zuzenekoekin hasteko gogoz nago.
Kontzertuz kontzertu, diskoa aurkeztu
Bakarlari gisa egiten duen bosgarren diskoa da Ur goiena, ur barrena. Azken lan honek badu
berezitasun bat, taularatu egingo duela.
Bost laguneko taldea osatu dute, proiektu honetan bidelagun baititu Julen Alonso oriotarra, Ander eta Joanes Ederra anaiak, eta David Gorospe. Ederra anaiak aitarengatik ezagutzen ditu Zugastik, Fernando Ederrak orain arte kaleratu dituen diskoetan parte hartu baitu, eta, horrez gain, Benitorekin ere aritu izan baita. Gorospe aurretik ezagutzen zuten, beren grabazioak utzi baitzizkien eta iaz Gure Bazterrak jaialdiaren aurkezpen kontzertuan ere izan baitziren. Eta Alonso haurra zenetik ezagutzen du Zugastik, Ikastolako Olaxka taldetik, alegia. Zugastiren ustetan dohain handiko musikaria da Alonso. Akordeoia jotzeaz gain, teklekin ere bera aritzen da, kapaza baita teklatuarekin kantuei kolorea emateko.
Lau musikari horiez inguratuta igoko da oholtzara. Lehen kontzertua azaroaren 21ean eskainiko du Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hiriburu batetik bestera joango da, Donostiako Victoria Eugenian izango baita azaroaren 29an. Abenduaren 6an Durangoko Azokako Plateruenan egongo da, 11n Baionako Herri Antzokian eta 17an Hernanin, Biteri Kultur Etxean. Sarrerak Kutxabanken erosi daitezke, Baionako kontzertuan salbu, bertako turismo bulegoan edo telefonoz deituta erosi ahal izango baitira.