Beheko postuetatik ateratzeko asteburu zaila

Karkara 2015ko urr. 30a, 09:30

Partida zaila du larunbat arratsaldean, 18:10ean, Orioko areto futboleko taldeak. Zaila bezain garrantzitsua. Zaleen babesa eskertuko dute beheko postuetatik urruntzeko ahaleginean.

Etxean jokatuko dute asteburu honetan Orioko mutilek. Anoeta izango dute aurrez aurre, Ligan bigarren postuan dagoen taldea. Bederatzi puntu dituzte anoetarrek; oriotarrek, ordea, bi. Oraingoz ez dute partidarik irabazi eta asteburu honetan lehen hiru puntuak eskuratzera irtengo dira zelaira.

Azkenengo partidua ozta-ozta galdu zuten, 2-3 emaitzarekin. Etxean jokatu zuten, Muxarra taldearen kontra. Larunbat honetako partidua ere etxean izango da, Karela kiroldegian. Aurkari gogorra dute, jokatutako lau partidetatik hiru irabazi baititu Anoetak.

Dena den, ez dira kikilduko eta dena ematera aterako dira zelaira. Hiru puntuak eskuratzea garrantzitsua izango litzake, taularen erditik behera puntu oso gutxiren aldea baitago talde guztien artean; hortaz, beheko postuetatik aldetzeko baliagarriak izan daitezke.

Herritarren babesa lagungarria izango zaie bihar arratsaldeko partidan. Beraz, zaletuekin 18:10ean dute zita Orioko karela kiroldegian.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide