Heriotza hizpide gaurko hitzaldian

Karkara 2015ko urr. 28a, 11:26

19:00etan hasiko da Mar Lopez Perezek gidatuko duen hitzaldia, Mandalararen egoitzan. Doakoa izango da eta herritarrak joatera animatu nahi ditu antolakuntzak.

Heriotz on bat bizi. Izenak berak dioen bezala heriotzaz arituko dira gaur Mandalara Elkarteko kidean beren egoitzan, Mar Lopez Perez buruko osasunean eta giza eta gizarte zientzietan adituak eskainiko duen hitzaldian. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Mandalararen egoitzan bertan.

Heriotza gai tabua denez, beren inguruan hitz egitea zaila egiten zaigunez, beldurra diogunez, horri heltzea aproposa iruditu zaie antolatzaileei. Hilko den horren bizipenetan eragina du gaur egungo gizarteak heriotzarekiko duen pentsamoldeak, baita heriotza zeharka jasango dutenetan ere. Nahi edo ez, ziurtasunez iritsiko zaigu hiltzeko garaia. Guztiak hilko gara. Hortaz, naturaltasunez bizitzeak duen garrantziaz jabetzea du helburu, besteak beste, hitzaldiak.

Hitzaldia debalde izango da, gaia herritarrentzat interesgarria dela iruditzen baitzaie antolatzaileei. Gainera, azken urteetan ere hizketa gai izan dute hainbatek, hortaz, guztion artean gaia lantzea aproposa iruditzen zaie.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide