Ohiko prozedura izango du gaurko udalbatzarrak. Lehendabizi aurreko ezohiko bilkurako aktaren zirriborroa onartuko da. Oraingoan, uztailaren 7an egindako bilkurako akta izango da, egoki bada, onartuko dena.
Ondoren, kreditu aldaketa bati helduko diote. Udalaren aurrekontu propioari dagokion 10/2015 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea izango da bozkan jarriko dutena; kreditu aldaketa kreditua transferitzeko modalitatean egina dago.
Gero, auto-taxi zerbitzuaren 2016 urteko tarifa urbanoak izango dira eztabaidagai. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera ordenantza fiskalek eta beren eranskinek izango duten aldaketa ere bozkatuko dute.
Amaitzeko, azaroaren 25eko adierazpen instituzionala egingo dute, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren harira.