Maite Arroitajauregi: "Batzuek entzungo nauten lehenengo aldia izateak asko motibatzen nau"

Karkara 2015ko urr. 30a, 16:42

Argazkia: Galder Izagirre - Gaztezulo

Gaur iluntzean kontzertua eskainiko du Mursegok Orioko kultur etxean. Doan izango da, iluntzeko 22:30ean hasita.

Eibarretik Oriora zatoz gaurkoan. Zer eskainiko duzu taula gainean?

Azken aldian egin dudan moduan, kantu zaharrak sartuko ditut, baina, batez ere, hirugarren diskokoak joko ditut. Gero bertsio batzuk ere egingo ditut, eta, akaso, gaur zerbait berezia ere egingo dut. Gaur arratsaldean Donostia 2016ek Tabakaleran egingo duen aurkezpenean egingo dudana Oriora eramango dut, agian.

 

Azkenekoz Iñaki Gurrutxaga elkarrizketatu genuenean, esan zigun, ohitura gutxi dagoela ezezagunak zaizkigun taldearen kontzertuetara joateko. Orioko kontzertuetara, askotan, jarraitzaileak ez direnak ere joaten dira...

Eta hori beti da ona. Azkenean, datorrenak, sorpresa emango baitu, alde batekoa edo bestekoa izan. Batzuek entzungo nauten lehenengo aldia izateak, faktore sorpresarekin jokatzeak, asko motibatzen nau.

Behin Stero Zonak egin zizun elkarrizketa batean esan zenuen sala txikiak nahiago dituzula, eta Oriokoa, txikia da. Zergatik?

Hori esaten duzu elkarrizketa batean, baina, gero, ez dakizu... Zeren uda honetan, adibidez, Moskuko jaietan kalean jo nuen eta oso-oso gustura egon nintzen. Azkenean kantua unean unekoa da eta toki bakoitzean bertakoa. Dena den, egia da fisikoki leku txiki batean egotean energia kontzentratu egiten dela...

Publikoa gertu eoteak edo sentitzeak eragina dauka ez...

Bai, publikoa gertuago egonda beren berotasuna gehiago sentitzen da.

Biolontxeloa, ukelelea... baina jostailu-instrumentu asko ere erabiltzen dituzu.

Konposatzerako momentuan, batez ere, asko esperimentatzen du. Esperimentatu soinuarekin, ahotsarekin... Oraindik asko daukat esperimentatzeko!

Baina ez dakit, etxetik jostailuren bat-edo ikusten badu, soinu interesgarria eduki dezakeen objekturen bat, ez daukat inongo eragozpenik nire kantuetan sartzeko.

Euskaldunoi, oro har, kosta egiten zaigu pauso hori ematea? Hau da, lotsa edo beldur hori ez izatea?

Ez dakit... Asko esatea eta orokortzea da. Ez ditut euskaldunak estereotipatu nahi. Baina bai, uste dut nahiko itxiak garela. Beñat Sarasolari irakurri nion eta, oso ados nagoenez bere hitzak nire egiten ditut, euskal kultura ataskatuta dagoela.

Trabatuta gaude. Bai dago beldurren bat-edo aurrera egiteko. Uste dut beldurrak kentzea falta zaigula, berritzeari beldurra diogula. Orokorrean, insitituzioek, kultura eragileek... nahiko geldituta dago dena.

Euskaldunak ez dituzula estereotipatu nahi diozu, baina Eusnob kantarekin hori egin zenuen...

Bai, bueno. Lehendabizi barre nire buruaz egin nuen. Gero, inguruaren horrelako erretratu moduko bat egiten dut, euskal inteligenteena edo eusnobena litzatekeena. Baina bueno, finean nire buruaz barre egitea da. 

Niri asko gustatzen zait komunitatearen kontzeptua. Komunitate bateko kide garenak Eusnob kantuan aipatzen diren ezaugarri guztiak betetzea... bat edo beste ziur identifikatuta sentitu dela, ez badira makrobiotikoak Berria irakurtzen dutelako edo artista frustratuak direlako.

Loopstationa erabiltzen duzu. Horrek inprobisaziorako bidea ere emango dizu, ezta?

Oinarrizko estruktura, nagusia, prest izaten du. Hori beti berdina izaten da. Baina hortik aurrera asko inprobisatzen dut, bereziki kantu batzuetan. Kantuaren konponketak, zertzeladak... aldatzen joaten dira, beti, eta hori asko gustatzen zait.

Laburretraiei musika jarri zenien. Oraingo honetan Amama filmari ere jarri diozu. Zer nolako esperientzia izan da?

Esperientzia oso ona. Javi Pezekin lan egitea, Asier Altunaren soinu banda guztiak egin dituenarekin, oso polita izan da. Asko ikasi dut beregandik. Lehenago luzemetrai batzuk egin ditut, baina beste modu batera. Hau zen lehen aldia film baten soinu banda guztia sortzen nuena. Oso pozik nago emaitzarekin.

Aktore lanerana zerbait anekdotikoa izan da, eta ez diot garrantziarik emango...

Anekdotikoa den arren, distantziarekin ikusten duzunean zer pentsa emango dizu. Momentuaz oroitzeko edo zeure buruaz barre egiteko balioko dizu behintzat.

Ez dakit, nahiko eskas ikustet dut nire burua...

Ikusle gisa, niri kosta egin zitzaidan Nagore irudikatzea. Beti Mursegorekin gogoratzen nintzen.

Nik nire papera egin behar nuen. Nahiz eta Nagore izan, Amaiaren pisukidea, suposatzen zen Amaia Mursegorekin bizi zela. Beraz, niretzat oso ondo.

Hirugarren diskoa, Hiru izenekoa, 2013an kaleratu zenuen. Ba al duzu proiekturik eskuartean?

Hainbat proiektutan nabil orain: Harkaitz Canorekin, Mikel Laboaren inguruko lan bat, Gloria Fuertesen inguruko beste bat, umeentzako kontzertuak ematen... Material asko daukat eta hori abiapuntu izanda kantuak sortu ditzaket. Baina, printzipioz, hurrengo pausoa umeentzat zerbait grabatzea izango da. Ez dakit disko formatuan izango den, baina umeentzako kantuak egin nahi ditut.

Orain arte egindako kontzertuek harrera ona izan dute, hortaz.

Bai. Ni umeen irakaslea naiz, baita ama ere... Orduan, badakit umeek nola erreakzionatu dezaketen. Nire esperientziaz baliatu naiz kontzertuak emateko. Pittin bat kasualitatez hasi zen, baina kontzertu dezente eman ditut eta emango ditut. Hari horri jarraipena eman nahi diot.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide