Sara Iparragirre: "Dardarka jartzen naiz kantxara ateratzen naizenean"

Karkara 2015ko urr. 28a, 08:28

Bi urtetan junior mailatik lehen mailarako saltoa eman du Sara Iparragirre –Orio, 1998– saskibaloi jokalariak. Esperientziari ahalik eta zuku gehien ateratzen ahalegintzen da, epe luzera begira minutuak izateko helburuarekin.

Emakumeen Ligan jokatuko duzu, Donostia Basketen. Lehen taldeko deia jaso zenuenean...

Iaz izan zen guztia. Zarautzen ari nintzen jokatzen, hango entrenatzaileak esan zidan liga hobeago batean jokatu nahi banuen eta jokalari bezala hazi nahi banuen, aukera aparta zela Donostiara joatea. Hori egin nuen, Donostiara joan nintzen, autonomikoen lehen maila jokatzera. Zarautzen egonda Donostiatik deitzea ikaragarrizkoa izan zen, begiz jo zidatela esan nahi zuen, eta hori oso positiboa da.

Koska igoera igo, bi maila altuagoko kategorian lehiatzea, aldaketa handia izan da zuretzat?

Iaz hirugarren mailan nengoen eta orain lehen mailan jokatzen dut. Aldaketa handia da. Junior mailatik hirugarren mailara pasatzean ere aldaketa nabarmena zen. Gu makilak ginen, finak; eta besteek gorputz eta indar handiagoa zuten.

Hasieran entrenamenduetan hil egiten nintzen, itota bukatzen nuen. Ohitu egin behar izan dut. Gogoan dut gimnasiora joaten hasi ginela, eta nik ordura arte ez nuen sekula gimnasioa egin. Besteek pisua jasotzen zuten bitartean, nik barra besterik ez nuen jasotzen.

Fisikoan nabari da, batez ere, aldaketa. Diferentzia handia dago.

Iaz, bi maila baxuago lehiatu zinen, DBN Bera Bera taldearekin. Emakumeen Ligan jokatzeko aukera ere izan zenuen, gutxi gorabehera, 60 minutu inguru jokatu zenituen maila horretan. Minutu horiek lehen talderako bidea ireki zizuten?

Probatzean datza guztia. Nik probatu egin nuen eta aukerak nituela ikusi nuen. Horrek motibatu egin ninduen eta gehiago saiatzea eragin zuen. Berez entrenatzaileak ni pixkanaka-pixkanaka integratzen joateko asmoa zuen. Baina gai nintzela ikusi zuenez, igo egin zidan.

Euskadirekin jokatzea ere erakusleiho ona izango zen zuretzat...

Ez nuen espero seniorrekin jokatzea, inolaz ere ez. Venezuelaren aurka jokatu genuen eta izugarrizko esperientzia izan zen. Ezusteko ederra. Horrelako aukerak autoestimua hobetzeko oso baliagarriak dira.

Nolakoa ari da izaten liga hasiera hau, lehen taldearekin emandako lehen pausoak?

Hasieran lotsatuta nengoen oso. Jendea helduagoa da, nire adinekorik ez dago. Nire entrenatzailea izandakoa taldekide dut orain eta Euskadiko selekzioan izandako entrenatzailea da nire entrenatzaileak. Taldea horiekin elkarbanatzeak konfiantza asko eman zidan.

Zaila al da taldean tokia aurkitzea?

Taldean tokia aurkitu dut. Kantxatik kanpo bat gehiago naiz. Jokatzeko garaian pixkanaka joan behar du. Baina nire helburua ere ez da minutuak jokatzea, hobetzea baizik. Epe motzeko helburua hobetzea da, horrek aukerak emango baitizkit.

Uste dut taldea egonkortu arte zaila izango dudala jokatzea. Baina normala iruditzen zait, 16 urte besterik ez baititut.

Zuen entrenatzailea Ligako entrenatzaile emakume bakarra da. Berak – Azu Muguruza– jaso du entrenatzaile onenaren saria. Tabuak hausteko daude, ezta?

Orioko Ainhoa Fernandez salbu, bera izan da eduki dudan entrenatzaile emakume bakarra. Berak konfiantza handia ematen dit, ulerkorra baita oso, eta batzuetan, neska izateak, konfiantza hori areagotu egiten du. Eskertzekoa da bere ulerkortasuna. Edozein momentutan laguntzeko prest dago eta horrek gertuago sentitzea dakar.

Nola uztartzen dituzu ikasketak eta saskibaloia?

Orain batxilergoko bigarren maila egiten ari naiz. Normalean, gurasoek eramaten naute Donostiara. Ezin badute, trenean joaten naiz. Orain arte ikasteko denbora eman dit, baina ikusiko da ea nola uztartzen ditudan bi gauzak azterketa garaian.

Astean lau aldiz entrenatzen dugu. Astearteetan bi orduko saioa egiten dugu, baina astelehen, asteazken eta ostegunetan 5:30tatik 8:30tara entrenatzen dugu. Arratsalde guztia han pasatzen dugu. Etxera ailegatu eta zerbait egin behar izaten dut, bestela... Eta asteburuetan, bi astez behin, kanpora joan behar izaten dugu.

Ikasteko ez dut denbora asko edukitzen, ezta lagunekin egoteko ere. Ikastolan egoten naiz berekin. Badakit maila honetan egoteak hori dakarrela, hori eskatuko didala, baina tarteka parrandaren bat egiteko denbora ateratzen dut.

Denboraldi hasieran egonda, nolakoa irudikatzen duzu denboraldi amaiera?

Taldea nahiko triste dago etxean; kanpoan, ordea, askoz hobeto ari gara. Berez hobea da etxean jokatzea, baina epaileekin ere ez dugu zorte ona izan. Taldea iaz baino fuerteago ikusten dut, hortaz, suposatzen da liga lehengo urtean baino postu hobean amaitu behar dugula.

Eta ni, oraindik, ahul sentitzen naiz. Beldurra sentitzen dut, besteak gainetik ikusten ditudalako. Errespetua ematen didate. Dardarka jartzen naiz kantxara ateratzen naizenean. Azkenean, esperientzia pilatu ahala konfiantza handiagoa izango dudala pentsatzen dut. Espero dut liga amaitzerako minutuak izatea.

Asteburuko emaitzak

Asteburu honetan Orioko gainontzeko taldeek emaitza hauek izan dituzte saskibaloiko neurketetan. Infantil mutilek 40-44 irabazi zuten Soraluze Bergararen aurka; kadete nesketan Orioko 18-94 irabazi zion ZAST 2001 taldeari; junior nesketan ere irabazi egin zuten, Ursa Oriok 55 eta Bera Bera Kursalek 45; EBA mailako hiru taldeek galdu egin zuten, baina partiden balorazioa egin ostean, ohartu dira gauza positiboak ateratzeko balio izan diela, besteak beste, lehiatzeko gai direla erakutsi baitute. 

Ate joka dagoen asteburuan, selekzioarekin

Asteburu honetan Iker Gurrutxaga saskibaloi entrenatzaileak kadete mutilen Gipuzkoako selekzioarekin du zita. Pozik dago esperientzia hori berriz biziko duelako, jende paregabea ezagutzeko aukera ematen baitio. Kontziente da zaila izango dute Euskadiko lurraldekako txapelketa irabazteko, baina, hala ere, saiatuko dira.

Bestalde, asteburu honetako bi partida azpimarratu ditu. Batetik, infantil mutilek BKLren kontra duten partida 9:30ean; eta, bestetik, junior neskek Easoren aurka 16:00etan dutena. Mutilek lidertzari eutsi nahi diote eta horretarako garrantzitsua da asteburu honetako partidua irabaztea. Eta, neskak, lauko finalera sailkatzeko dituzten apurrei eusteko, irabaztera joango dira.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide