Aurrera doa Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, bost final-laurdenetako bi jokatu dira pasa den asteburuan; Urretxu-Zumarragan larunbatekoa eta Errenterian igandekoa. Bigarren horretan aritu zen bertsotan Iñaki Gurrutxaga oriotarra, eta emaitza paregabea lortu zuen.
Beñat Gaztelumendi izan zen final-laurdeneko irabazlea eta, beraz, finalaurreko saiorako zuzenean sailkatu zen. Gurrutxagak bigarren egin zuen, 499,50 punturekin –516 puntu lortu zituen Gaztelumendik–. Larunbateko saioa Agin Laburuk irabazi zuen.
Gauzak horrela, finalaurrekorako zuzenean sailkatu ez den arren, puntuen arabera sailkatzeko aukera handia du Gurrutxagak. Zestoako, Ormaiztegiko eta Eskoriatzako final-laurdenak jokatzen direnean jakingo du hemezortzi sailkatuen artean dagoen. Talde bakoitzeko irabazleez gain, puntu gehien dituzten hurrengo hamahiru bertsolariak pasako dira finalaurrekora.
Orain arteko sailkapenak hemen ikus daitezke.