Iñaki Gurrutxaga: " Aurrekoa ironikoagoa zen bezala, hau zorrotzagoa da"

Karkara 2015ko urr. 23a, 14:22

Bala baten antzera, zuzen eta zorrotz, ahoan bilorik gabe, hitz egin du Iñaki Gurrutxagak Bi bala taldeaz eta kaleratu berri duten Gure eroyak diskoaz.

Gaur zortzi eman zuten aurkezpen kontzertua Bonberenean. Diskoa Tolosako gaztetxean ekoitzi zuten eta Gure eroyak diskoa eskuartean zutela ere, lehen aldiz, Bonberenean oholtzaratu ziren. 

Bi bala. Aitzol eta Iñaki, bala bana?

Izena oso bote prontokoa da, buelta asko eman gabekoa. Hasieran, proiektuaren oinarrian, Aitzol eta biok gaude, bertso egunen egin genuen Ze krisi emanaldiaren ondorioz etorri ziren eskaeren harira. Hura bukatu zenean beren herrietan egiteko proposatzen ziguten. Ez ziren proposamen serioak. Bergarako Gaztetxekoek, ordea, berek gaztetxean emanaldi oso bat egitea nahi zutela esan ziguten. Baldintzak ere eskura jarri zizkiguten; garaiz genbiltzan, hortaz, zerbait txukuna prestatzeko astia hartu genuen. 

Proiektuaren hazia biok jarri zenuten, baina berehala sustraitu zen Xabier Etxeberria eta Julen Goikoetxearekin, ezta?

Bergararako bertsioak egin nahi genituen baina bateria baten laguntzarekin, ritmika pittin batekin. Orduan Juleni esan genion. Gerora laugarren taldekidea sartu zen, Xabi.

Kartelak egiteko izena eskatu ziguten. Eta, bastante tiroka aritzen garenez, frankotiratzaile lanetan, Bi bala jarri genion, lau izan zitekeen bezalaxe.

Egiten duzuen musikaren metafora dira balak. Letrak zuzenak direlako diot, gogorrak...

Tiro egitea da, azkenean. Tiro egitea aurrean eta barruan ditugun gure kontraesanei. Gauzekin ados ez gaudela esateko modu bat da; desadostasuna adierazi, kritikoki, zorrotz jokatzen.

Kritika aipatu duzu. Eta autokritika egiten al duzu?

Batez ere. Aurrekoa kritikatzen hasten zarenean ohartzen zara zu ez zabiltzala oso aparte. Autokritika neurri handi batean hortik dator, kanpora begira jartzen garelako eta askotan ispilu bat dela konturatzen garelako. Letretan aipatzen ditugunak ez dira beti kanpokoak, askotan gu geu gara.

Autokritika egitea lagungarria izango zaizue garapen pertsonalerako, ezta?

Askatzeko baino, ordenatzeko eta sentitzen dugun hori adierazteko balio digu. Aipatzen ditugun horiei itxura emateko, gauza mordo horiei zergatia bilatzeko eta kontraesan horien iturburura joateko balio digu. 

Pertsonalki ere asko suposatzen du, ez lan aldetik, baizik eta hitzak egiterakoan jasotzen dugunetik. Bertso sortak egiten dituzunean, ez bada radar edo helburu zehatz batekin, besterik gabe egiten dituzu. Baina honek lanketa bat eskatzen du, barrura begirakoa egitea. 

Lehen diskoko izenak –Wasabi–  ere badu letren gogortasunetik...

Bertso sorta egiten duzunean, egia da, bigarren eta hirugarren irakurraldia eginez gero beste gauza batzuk jasotzen dituzula. Baina, guk bat-bateko bertsogintzatik hurbil egon zitekeen zerbait egin nahi genuen, momentuko ekoizpena. Momentuan sortu eta momentuan ekoitzi. Idazteak beste sakontasun bat eskatzen du, eta horretan ere saiatzen gara, baina urrundu gabe.

Bigarren disko honetan, akaso, buelta gehiago eman ahala gauza gehiagorekin konturatzeko modukoa da. Lehenengoa letra aldetik zuzenagoa zen. 

Bigarren bala aurkeztu duzue. Talde guztiek esaten dute azken diskoa onena dela. Zuek ere sentsazio hori duzue?

Bi diskoak oso-oso desberdinak dira. Aurrenekoan lehendik sortutako kantak bildu genituen. Bilketa lana izan zen, gehien bat. Diskoa kaleratzerako jendeak bazekizkien kantuak. Gainera, hasieran, joaten ginen herrira egokitutako emanaldia egitea jarri genuen helburu bezala. Momentuan ekoiztutako bertso sortak sortu ziren; batzuk egunean bertan sortu eta desegin ziren, baina beste batzuk jarraitu egin zuten. Hori bildu genuen.

Eta bigarren diskoan, propio diskora begirako kantak egin genituen. Produkzio lan handiagoa izan du honek. Hobeagoa den ala ez? Beti gutxiago jo duzuna eta berria dena ilusio handiagoarekin hartzen duzu. Dena den, nik hobea dela esango nuke. Baina ez da izan lehengoa hobetzeko helburuarekin sortutako zerbait; aurrekoarekiko zeharo ezberdina den diskoa da, eta horrek, talde bezala, asko motibatu gaitu.

Izenak, behintzat, ez dit aurrekoaren gogortasun hori ekarri gogora: Gure eroyak. Zer nolako diskoa da?

Hasieran, kasualitate askoren pilaketaren ondorioz sortu ginenez, definitzea falta zitzaigula esango nuke. Lehen diskoak balio izan zigun horretarako. Forma zehatz xamarra zuen diskoa izatea nahi genuen, zentzu jakin bat zuena. Hor ikusi genuen zer egin nahi genuen.

Orain, diskoa sortzerakoan, doinu rockeroagoak egin ditugu, gitarra gordinagoak, base erritmiko azkarragoak... Letra aldetik hau aurrekoa baino gordinagoa dela esango nuke. Aurrekoa ironikoagoa zen bezala, hau zorrotzagoa da. Musikak ere hori eskatzen zuela esango nuke eta bien elkarketatik disko hau atera zaigu.

Diskoaren azala indartsua da oso. Gogortasuna adierazten du horrek ere. Asko zaintzen al duzue irudia? Musikaz gain garrantzitsua al da irudia ere zaintzea?

Gaur egun, industria dagoen bezala egonda, diskoa kaleratzeak mimo minimo bat eskatzen du. Ez da formatu hutsa. Garai batean biniloak ateratzen zirenean, biniloaren portada ia-ia arte obra bat zen. Hori galtzen joan da. Gaur egun spotifyetik diskotik baino gehiago entzuten den honetan, diskoari itxura landu bat ematea pentsatu dugu, kanta bakoitza janztea. 

Basque kantari bideoklipa ere egin diozue...

Diskoa hartu eta etxeko sofan goitik behera entzungo dutenak gutxi direla jakinda, pilulak sortzea behartzen du. Bideoklipak azken finean hori dira, pilulak. Disko berriko bideoklipak sorpresaz harrapatu gaitu, gu ez baikinen Maixarengana joan. Bera etorri zen gugana. Lehen diskoa asko gustatu zitzaiola esan zigun, baina zerbait gogorragoa egin behar genuela esan zigun, oso gipuzkoanoa zela egiten genuen. Bera Barakaldokoa da, eta horrek Barakaldon ez zuela funtzionatuko esan zigun, kañeroagoa izan behar zuela.

Bideoklipa erakutsi zigunean, aluzinatu egin genuen. Berak, aurretik, zituen ideiak azaldu zizkigun, baina ez genuen hori espero. Ikusi ahala merezi duela sinestarazi dugu. Badakigu ez duela inor indiferente utziko eta hori ere bilatzen dugu guk.

Baita kontzertuetan ere, ezta?

Bi Balaren kontzertu batean, azkena nahi duguna jendea indiferente uztea da. Ikus-entzuleek belarrondokoak hartzea nahi dugu, sentitzen duenarekin identifikatuta sentitzea nahi dugu...

Bideoklipa bete-betean ezkontzen da zuek taularatzean dituzuen helburuekin...

Maixa Patrol Destroy hip-hop taldeko kidea da. Estatu Batuetan kaleratzen diren hip-hop taldeen bideoklipak landu ditu eta horiek ardatz hartuta egin du bideoklipa. Opari bat izan da guretzat. MTVn ez da aterako, baina Hamaika telebistan akaso aterako da, eta kanonetatik aldentzen den bideoklipa emititzeak motibatzen gaitu.

Eta musikalki, nolakoa da diskoa? Lehen diskotik hona eboluzio bat egon al da?

Bai. Naturalki eman den eboluzioa. Lehen letra bat egiten genuen, ondoren musika jartzen genion eta gero jantzi egiten genuen. Orain denetik izan da. Musikalki ere proposamen bat egin nahi izan dugu, aurreko diskoan egin ez genuena.

Bertso musikatuak modu akustikoan entzutera ohituak gaude. Guk rockeroago egin genituen. Eta, orain, musikalki gehiago jantzi ditugu. Baina hori rock talde baten eboluzio logikoa ere bada.

2013ko bertso egunean sortu zen Bi bala. Muina berdina izanik ere, musikak gero eta presentzia handiagoa dauka...

Neurri batean normala da. Zuzenekora zoazenean, bereziki gu ibiltzen garen eremutan, adrenalina behar duzu. Letrekin eta ironiarekin bakarrik ez da lortzen hori, gorputzak izerditzea ere eskatzen digu. Hortik tiraka-tiraka, logika baten barruan, progresio hori eman dugu. Ez da salto bat izan, garapen naturala baizik.

Aldatu egin zarete, beraz.

Diskoko lehen kantuak, nire ustez, aurkezpen kantua izan behar du. Gure eroyak disko honetan Dabiltzan harriak da lehen kantua. Intentzio batzuk deklaratzen ditu kantuak. Ez naizela aldatu esaten didazu, eta zerbait polita esan nahi didazu. Baina, ez, ez. Aldatzen goaz. Hortik doa kantua. Eta gu ere, talde bezala, aldatzen goaz.

Eta Basque kantuak, bideoklipekoak, euskalduntasunari egiten al dio erreferentzia?

Betiko super euskaldun, PNVro, lepoan hartu eta segi aurrera horri zaplazteko bat da. Denok daukagu super euskaldun bat barruan, eta, niri behintzat, izugarrizko nazka ematen dit.

Zergatik?

Askotan iruditzen zaigulako euskalduna izatea paranormala dela edo. Eta ez da horrela. Gainera, lehen diskoan kritika politikoa egin genuen, baina oso autokritiko egin genuen, gehiegi eta guzti. Gu barruan sentitzen garen espektro politikoari egin genion kritika. Hortaz, oraingoan, bestea ere kritikatu nahi izan dugu. Eta, noski, guk ere hortik badugulako.

Zer gai gehiago aipatzen dituzue?

Kontraesanak, sozialak asko; bertsolariok dugun akats baten inguruan ere idatzi dugu, ondo gelditu nahia... Askotan gai politiko transzendentalenetara jo nahi dugu, baina eguneroko ekintza txikienak ere izan dezake politikoa, soziala...

Lau buru zarete. Letrek duten indarra eta garrantzia ikusita, asko eztabaidatzen duzue idazterako garaian?

Zorionez edo zoritxarrez, azken urteetan, elkarrekin asko egotea tokatu zaigu. Letren azken forma emateko ardura nagusia Aitzol eta biok daukagu, baina tematikarena ez. Gaiak taldean aukeratzen ditugu. Batzuk askotan errepikatzen dira, baina beste batzuk taldekideren baten harrikadak dira. Autokritikara oso expuesto gaudenez, besteak egindakoari punta atera beharrean umorez hartzen dugu. Gainera, gure letra gehienak tabernan lagunekin hitz egiten ditugun gaien hariak hartu eta harilkatzean datza. 

Aurkezpen kontzertua izan duzue, nola joan zen?

Ez da lehen aldia elkarrekin jotzen dugula, tokia ere ez zen berria, entzule askok ere aurretik ezagutzen gintuzten, baina urduri geunden. Zerbait berria aurkeztera zoaz, ondo egin nahi duzu, eta konfiantza duzun arren lehen aldiak beti sortzen dizu kezka.

Guk mimatu egin dugu eta nik uste dut hori egunean bertan antzeman zela. Bai kanpoan, bai barruan. Oso ondo atera zen.

Kanpoan ere nabaritu zela esan duzu. Publikoarekin duzuen hartu emana garrantzitsua al da zuentzat?

Gure taldean hitzek karga handia dute. Ez mezuagatik bakarrik, bertso sortak direnez luzeak ere badira. Hortaz, jendeak adi egon behar du, baina 100% adi egotea zaila da. Eskaintzen ari garena publikoarena iritsiko al da? Pisutsuegia izango al da? Gustura egongo dira baina soltatu gabe? Galdera horiek sortzen zaizkigu, zeren ulertzera joaten denari, askotan, bizitzea kostatu egiten zaio. Baina, badirudi, lortu genuela jendearengana iristea.

Egiten duzuena ez da ohikoa. Nahiko berria dela esan daiteke. Horrek zaildu ala erraztu egiten du jendea kontzertuetara gerturatzea?

Rocka lehendik existitzen zen. Bertsoak ere bazeuden. Ez genuen ezer berria asmatu, biak batu baizik. Guk lortu duguna jende bertsozalea rock kontzertuetara arrimatzea da eta, niretzat bereziagoa dena, bertsoekiko interesa izan ez duen hori gure kontzertura etortzea. Ondorioz, oso xelebreak izaten dira gure kontzertuak.

Konbentzitzeko eta erakartzeko zaila dela? Ez dakit, guri ez zaigu asko kostatu. Beste taldeetan aritu garenok badakigu zer zaila den kontzertuak lotzea. Baina guk hasieratik ere medioetan presentzia izan genuen eta horrek asko lagundu zigun. 

Euskal Herrian kontzertuen sarea osatzerakoan gaztetxeek paper garrantzitsua al dute?

Gaztetxeak antolatzen duenean baliabide guztiak jarriko ditu, baina ekonomikoak ez dauzka. Gaztetxean generazio aldaketak ere egoten dira, eta, sarritan, horrek hutsetik hastea dakar. Horrek eskatzen du taldeetan gaudenek jakitea nola goazen. Ekonomikoki, adibidez, ez da errentagarria. Musikan ibiltzeak gastu bat dauka.

Ez gabiltza prekario. Zu joaten zaren tokian jendea joan eta mimatzen bazaituzte, horren ondo tratatzen zaituen afizio bat beti da eskertzekoa. Hori bai, medioetan edo sare sozialetan arrakasta izateak ere asko laguntzen du. Guk, adibidez, ez dugu bilatu behar izan, eskariak etorri zaizkigu. Beste talde askorekin bilatzea egokitu zaigu. Eta toki batzuetan jo eta bost bat lagun besterik ez gerturatzea. Hori oso gogorra da.

Baina ez gaude kexatzeko. 20 kilometroko mugan lau-bost tokitan jotzeko aukera daukagu. Gainera, mugimendu sozialetan dagoen jendeak ez daukan tokietatik dirua lortzeko abilidadea dauka. Orduan, ez dugu Madrilen bezala sala batean jotzeko ordaindu behar. Ez gaude horren gaizki.

Orion joko duzue, Gure bazterrak jaialdian. Horrelako jaialdi batean jotzea berezia al da zuentzat?

Suertez tokatu zaigu plazetan jotzea, ez bakarrik areto txiki eta itxietan. Oso ezberdina da. Guri sala handi batera egokitzea tokatu zaigu. Erronka bat da guretzat. Iaz Giranicekin jo nuen, hortaz, imajina dezaket nondik nora joango den.

Talde oso ezberdinak daude. Hori ere polita izango da. Ziurrenik egokituko zaigula profil oso ezberdineko entzuleen aurrean jotzea: ia euskaraz ez dakien Donostiako hipsterra eta Aiatik etorritako laguna. Kuriosoa izango da.

Gure Bazterrak bezalako proiektuaren aldeko apustua egitea, Orion, zer iruditzen zaizu?

Nik uste dut oso esker txarreko lan handi-handia dela. Orion horrelako festa handiak antolatu ziren aspaldi, garai hartako punta-puntako taldeak etortzen ziren. Gizartea aldatu egin da, oso-oso makrokontzertu handietara espero ez duzun jendea joaten da, baina gero Orion kontzertua antolatu eta ez da inor joaten. Horretarako ohiturak sortu behar dira. 

Gainera, Euskal Herrian, oso kontserbadoreak gara eta ezagutzen ditugun taldeen kontzertuetara bakarrik joaten gara. Zinera ez gara joaten jada ikusi dugun filma ikustera. Kontzertuetara jarrera horrekin oso jende gutxi joaten da. Hortaz, oso aukera polita da horrelako jaialdi bat herrian bertan izatea, zeren talde guztiak bertakoak diren arren oso ezberdinak dira. Batzuk ezagunak izango dira batzuentzako eta besteak ez, baina guztiak dira onak.

Lehendik ere Orion jo duzu. Herrian jotzeak errespetua sortzen dizu? Bereziagoa da zuretzat?

Onerako edo txarrerako, herrian gauza asko eta ezberdinak egitea egokitu zait. Bada erantzukizun bat herrian jotzea. Ilusioa egiten dit aurpegi batzuk ikustea, betiko jendea, sekula imajinatuko ez zenukeen horrekin ere topo egitea... Herritar bat momentu horretan zure ikuslea da eta hori polita da.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide