Bi garaipen, bi porrot eta berdinketa bat

Karkara 2015ko urr. 20a, 10:00

Denetariko emaitzak izan dituzte pasa den asteburuan Orioko F.T-ko taldeek. Lehen taldeak 0-0 egin zuen Zarautzen aurka.

Bost partida jokatu dituzte pasa den asteburuan Orioko F.T-ko taldeek. Bost horietatik bi irabazi, bi galdu eta bat berdindu dituzte.

Lehen taldeak, ohorezko erregional mailan, Zarautzen aurka jokatu zuten Astiko zelaian. Bi taldeetako inork ez zuen golik sartu eta 0-0 amaitu zuten norgehiagoka. Hurrengo asteburuan Oiartzunen aurka jokatuko dute, etxean.

Erregional mailako neskek 1-4 galdu zuten Ordiziaren, liderraren aurka. Laugarren postuan daude orain, lau punturekin. Antiguaren aurka jokatuko dute datorren jardunaldian.

Ohorezko jubenil mailako taldeak ere galdu egin zuten S.A.N.S.E-ren aurka. Hiru gol sartu zizkion aurkariak Mendibeltzen. Kadeteek, berriz, S.A.N.S.E. B-ren aurka 13-0 irabazi zuten. Aipagarriena, Alex Enparanzak 6 gol sartu zituela izan zen.

Ohorezko infantil mailakoek ere irabazi egin zuten Añorgan. Gol bakarra sartu zuen etxeko taldeak eta hiru Oriokok. Bigarren postuan daude sailkapenean, lehenengoarekin, Antiguokorekin puntutan berdinduta.

Infantil txiki mutilek atsedena izan dute pasa den asteburuan. Eta infantil neskek datorrenean hasiko dute liga. Matxin Alguacil izango da entrenatzailea aurten. Lehen urtea du lehen entrenatzaile bezala, aurrekoetan bigarren entrenatzaile eta atezainaren prestatzaile bezala aritu izan da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide