Ikasleak, irakasleak eta Udaleko hainbat ordezkari bildu ziren atzo, urriaren 15ean, Orioko Euskaltegi berriaren inaugurazio ekitaldian. Ikasturtea eta klaseak dagoeneko hasiak dauden arren, irekiera ofiziala egiteko zegoen oraindik.
Euskaltegiaren gaia aurreko legealditik zetorrela eta talde politiko guztien babesarekin egindako proiektua izan dela esan zuen Lourdes Salsamendik. Uste baino erantzun hobea izan du herrian eta horrela jarraitzea espero du.
AEKko ordezkariek Udalari eta irakasleei eskerrak eman zizkieten egin duten ahaleginagatik, eta ikasleei, ikasteko gogoari eusteagatik. Urteak eman ditugu horrelako hitzarmen bat egin nahian, azken finean, gure helburua, edozeini euskaraz bizitzeko eta euskara ikasteko aukera ematea da.
Komunak, komun publiko
Herritarrei zuzenduriko proiektu bat denez, eta eraikina publikoa izanik, bertako komunak publikoak izango direla erabaki dute Udalean. Beraz, Euskaltegia irekita dagoen orduetan, edozein herritarrek erabili ditzake bertako komunak.