Denboraldiko lehen puntua lortu dute Mirotzek

Karkara 2015ko urr. 14a, 11:46

Samaniego Orixeren aurka jokatu zuten eta 6-6 emaitzarekin berdindu zuten larunbatean Karela kiroldegian jokatu zuten partidua.

Denboraldiko lehen hiru puntuen bila joan ziren larunbatean. Etxean jokatzen zuten, Karelan. Aurkari Tolosako Orixe taldea zuten, baina ezin izan zuten partida irabazi. Gol askoko partida izan zen, bizia, eta 6-6 markagailuarekin amaitu zen partidua.

Ligako bigarren partidua zen larunbatekoa. Lehen partidan Goierriren aurka 2-3 galduta, porrotarekin ekin zioten denboraldiari. Etxeko partidan lehen hiru puntuak eskuratu nahi zituzten arren, ez zen posible izan.

Datorren astean, etxetik kanpo jokatzea egokitzen zaie. Idiazabalen aurka jokatuko dute partidua. Taularen erdialdean kokatzen da Idiazabalgo taldea, bi partidetako bat irabazita eta bestea galduta, hiru punturekin. Oriotarrak sailkapenaren behealdean daude, puntu bakarrarekin.

Dena den, liga hasi besterik ez da egin. Oraindik bi jardunaldi besterik ez dituzte jokatu. Iaz indartsu aritu zen Orioko taldea, eta aurtengo denboraldiari begira fitxaketa batzuk egin dituzten arren, ia talde berbera mantendu dute.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide