Esperientzia handia duen Arabako abesbatza Orion izango da

Karkara 2015ko urr. 16a, 11:42

Gasteizko abesbatzak bi zatitan banatutako bederatzi piezako kontzertua eskainiko du larunbat honetan, arratsaldeko 20:15ean, Orioko San Nikolas parrokian.

Salatxo abesbatzak Orioko Udalaren laguntzarekin antolatutako kontzertua izango da larunbat honetakoa, Gasteizko Araba abesbatzak eskainiko duena. Kontzertuak bi zati izango ditu eta denera zortzi kanta abestuko dituzte. Iluntzeko 20:15ean hasiko da, San Nikolas parrokian.

Arabako abesbatza esperientzia handiko abesbatza da. 1968an hasi ziren, gasteiztar gazte talde bat elkartu zenean. Hasieratik melodia berriei eman nahi izan zien tokia, momentuko egoera sozio-politikoarekin lotura zuten erritmoak kantatu nahi zituzten, musikaren sustrai popularrak herrikoiak alboratu gabe. Horiei bere biziko garrantzia eman zieten hasiera-hasieratik, eta esparru horretan sakondu nahi izan zuten.

Ordutik, beren ardatzak oinarri hartuta, hedatzen eta zabaltzen joan dira errepertorioa. Eta bidean, hainbat sari irabazi eta disko kaleratu dituzte. 80. hamarkadan Tolosako abesbatza lehiaketan eta Arezzo txapelketan lortu zituzten sariak.  90. hamarkadan hainbat proiektu diskografikotan murgiltzen da taldea.

Etenik gabe hazten joan den abesbatza da. XXI. mendean 40 urte bete zituen taldeak. Urteurrena ospatzeko Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin diskoa grabatu eta bira egin zuen. Hamaika bira eta ehunka lehiaketetan parte hartutako abesbatza da. Esperientzia asko duena. Larunbat honetan beste eszenatoki bat gehitu ahal izango dute jada amaiezina den zerrendara, Orioko San Nikolas parrokikoa.

Kontzertuak bi zati izango ditu. Lehenengo zatian Bizente Goikoetxearen obrako bi pieza abestuko dituzte. Lehendabizi Missa in honorem Immac, eta, ondoren, Ave Maria. Bigarren kantu honetan Sabin Salaberri izango da organo-jotzailea.

Bigarren zatiari Lurretik Eguzkira izena jarri diote. Zati honetan zazpi kantu abestuko dituzte: Invocation, Amaren poema, Aita San Juanen bespera, Ara eguztia!, Munduko pakea, Kitolis eta Ortzeko izarra. Kanta askotan piano-joleen edo bakarlarien laguntza izango dute.

Aitor Saez de Cortazarrek zuzendutako abesbatzak, beraz, larunbat honetan eskainiko du emanaldia, 20:15ean hasita. Orioko kantuzale guztiak gonbidatu nahi dituzte parrokiara, kontzertuaz gozatzera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide