Oriok eskubaloi taldea du denboraldi honetan

Karkara 2015ko urr. 15a, 09:05

Zarauzko Amenabar taldean ez ezik, Orion bertan ere eskubaloian aritzeko aukera dute oriotarrek. Infantil neskek, hain zuzen, taldea osatu baitute.

Arrauna izan arren Oriori izaera eman dion kirola, eskubaloi jokalari finak ere eman ditu Orioko herriak. Azken boladan puntakoen artean ibili den Jon Azkue, esaterako. Duela bi denboraldi Asobal Ligatik koska bat behera egin zuen talde irundarrak. Orain, zilarrezko ohorezko mailan daude horitxoak. Bigarren denboraldia egingo dute maila horretan, baina, helburua, berriz ere beren lekura, Asobal Ligara, itzultzea da.

Oraingoz jokatutako bost partidetatik bostak irabazi ditu Bidasoak, hortaz, sailkapenaren buruan daude. Atzetik Zamorako taldea dut. Hauek ere partida guztiak irabazi dituzte, baina aldeko gol gehiago sartu dituztenez irundarrek, liderra Bidasoa da.

Aste honetan etxean jokatzen dute, Irungo Artelekun. Cisne B.M taldea izango dute aurkari, taulako hamaikagarren postuan dagoen taldea. Larunbatean izango da partida, arratsaldeko 19:00etan.

Amenabar Zarautz, oriotarren habia

Aitor Urbietarte patroiak gidatutako piraten ontzia da Amenabar Zarautzen lehen taldea. Bertako jokalariak dira Atorrasagasti anaiak, Ander eta Josu. Zarauzko lehen taldea Zilarrezko Ligan –Bidasoa bezala– ari da lehiatzen eta pasa den asteburuan jaitsiera postuetatik ateratzen lagundu zien garaipena eskuratu zuten. Asteburu honetan, ordea, galdu egin du Amenabarrek, 22-29, arrasatearren aurka.

Jokatutako hiru partidetatik bakarra irabazi dute, hortaz, bi puntu besterik ez dituzte pilatu zarauztarrek. Bi puntu horiekin hamaikagarren postuan dago Zarauzko taldea.

Baina Zarauzko eskubaloia taldean dauden jokalari bakarrak ez dira Atorrasagasti anaiak. Gainontzeko taldeetan ere badira oriotarrak, tartean Mikel Amilibia. Lehen taldearekin egin du aurre denboraldia oriotarrak, baina jubenila denez, oraingoz, bere adinekoekin jokatuko du. Bestalde, seniorretako bigarren taldean Jon Aiertza eta Jorge Aduna oriotarrek ere jokatzen dute; eta Maria Azkuek jubeniletako Euskadiko Ligan jokatzen du. Eta gainontzeko kategorietan ere hogei jokalari oriotarretik gora daude.

Orion eskubaloi taldea

Aurten, kanpora joan ordez herrian bertan eskubaloian jokatu ahal izango dute infantil neskek. Taldea osatu dute eta Orioko Ikastolaren izenean ari dira lehiatzen oriotarrak. Oraindik ez dute denboraldia hasi, asteburu honetan jokatuko baitute lehen partidua.

Infantil nesketan hiru multzotan banatuko dira taldeak. Oriotarrak lehendabiziko multzoan izango dira, beste hamabi talderekin batera: Udarregi Usurbil A eta Udarregi Usurbil B, Arantzazuko Ama, Ereintza A, Ereintza B eta Ereintza C, Bera-Bera bat, Bera-Bera bi eta Bera-Bera hiru, Bidasoa A eta Bidasoa B, eta Egia eskubaloia.

Orioko taldea Gari Garagarzak entrenatuko du. Esperientzia zabaleko mutila da Garagarza, gazteei oinarri sendoa eta egokia jartzeko gai dena. Egun Karela kiroldegiko zuzendaria ere bada Garagarza.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide