Mandalara jardunaldiak urriaren 23tik 25era

Karkara 2015ko urr. 21a, 10:00

Musikoterapia, Chikung CFQ, tarota, yoga... ekintza ugari antolatu dituzte astebururako

Ilusioz gainezka daude Mandalara Taldeko kideak. Beste behin, Arraunetxea bete nahi dute. Jardunaldiak egingo dituzte beste urte batez urriaren amaieran, 23tik 25era, eta hiru eguneko eskaintza mardula osatu dute mandalakoek. Jardunaldiak doan dira, musutruk.

Urriaren 23an, ostiralarekin, hasiko dira jardunaldiak. Hasiera emateko Olga Santxez musikoterapeutak kontzertua eskainiko du Mandalararen egoitzan, arratsaldeko 19:00etan.

Hurrengo egunean, urriaren 24an, larunbatean, Mandalara elkartearen egoitzatik Arraunetxera egingo dute salto. 10:30ean, Chikung CFQ ikastaroa izango da Alex Arellanoren eskutik. Osasuntsu izateko bidean laguntzen omen duen erreminta omen da Chikung-a. 12:00etan barreterapia tailerra egingo dute, Bharatek gidatuta. Arratsaldean, 16:30ean, heriotzari aurrez aurre begiratuko diote. Heriotzaren aurrean nola jokatzen dugun eta nola jokatu beharko genukeen azalduko du Lori Thompson psikologak. Zaintza aringarriez, heriotzaz eta bihozminaz arituko da Thompson. Hiru ekintza horiek Arraunetxean izango dira, baina, egunari amaiera emateko, 19:30ean izango den hitzaldia Mandalararen egoitzan izango da. Tarotaren bidezko mezuen inguruan hitz egingo du Isabel Lopez tarotistak.

Igandea izango da jardunaldien azken eguna, eta eguna ondo zukutzen ahalegindu dira mandalarako kideak. 10:30ean familian yoga praktikatzeko aukera izango da. Jesika Moralesek emango du klasea, Arraunetxean. Ondoren, biodantza familian egin ahal izango da, Elen Kortazarena irakaslearekin. Arratsaldean, 17:00etan, Del Revés animazio filma proiektatuko dute. Filmean emozioek duten garrantzia azpimarratzen da. Filma amaitzearekin batera bukatuko da Mandalarak antolatutako jardunaldia.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide