Asteak prestatzen pasa ondoren, jarritako grinak fruitua eman zuen atzo, urriaren 4an, Kilometroak jaialdian. Orioko Herri Ikastolako ikasle talde batek egun osoa pasa zuen Erronkan lehiatzen, probak egiten, Gipuzkoako beste 20 ikastolatako gazteekin batera.
Azkenean, puntu gehien lortu zituen taldea izan zen Oriokoa eta Erronka irabazi zuten. Ordiziako Jakintza ikastolakoek bigarren egin zuten eta hirugarren postua Usurbilgo Udarregi ikastolaren eta Bergarako Aranzadiren artean banatu zuten.
Garaipenaren ajearekin, gaur goizean, jolas orduan, errezibimendu moduko bat antolatu dute Ikastolan, irabazitako bandera ospatu eta astintzeko.