Saregile, neskatila eta fardo-egileen lana aitortu du Senatuak

Karkara 2015ko urr. 5a, 11:36

Itsasoko langileen erregimen berezian kotizatuko dute eta erretiro adina aurreratu ahal izango dute.

Itsasoko Langileen Babes Sozialerako Lege Proiektu Erregulatzailean hainbat zuzenketa aurkeztu zituen EAJk Espainiako Senatuan, eta fruituak eman ditu orain. Pasa den astean, saregileek, neskatilek eta fardo-egileek sektoreko beste langile batzuek duten lan erregulazio bera izatea onartu zuen Senatuak. Horrela, Itsasoko Langileen Erregimen Berezian sartuko da kolektiboa, hirugarren taldean, itsaski eta lanperna biltzaileekin batera.

Horrez gain, erretiro adinean koefiziente murriztaileak aplikatzeko aukera zabalik uzten du onartutako zuzenketak. Koefiziente horri esker saregile, neskatila eta fardo-egileek erretiroa lehenago hartu ahal izango lukete, arrantzaleek egiten duten bezala.

Sektoreko langileentzat berri onak diren arren, lan asko dute oraindik egiteko. Izan ere, EAJk Senatuan aurkeztutako hamar zuzenketetatik hiru besterik ez dira onartu. Egiteko geratzen den aldaketa bat, adibidez, saregile, neskatila eta fardo-egile lanak egiten dituzten pertsonen ogibide nagusia hori bera izatea derrigorrezkoa dela dioen testuarena da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide