Sarako Ikastolatik Oriora

Karkara 2015ko ira. 30a, 08:11

Sarako Ikastolakoak Orion izan ziren pasa den astean. Herria ezagutzeko, bertsoak kantatzeko eta arraunean egiteko astia izan zuten.

Joan den ostegunean bisitan etorri ziren Sarako Ikastolako haur eta irakasle lapurtarrak Oriora. Goizean Dikeko parkean egon ziren Ibon Gaztañazpirekin berriketan. Arratsaldean, Iñaki Iturainen eta Rikardo Uzkuduren laguntzarekin, Goiko Kaletik barrena Balea elkartera joan ziren. Aurretik, ordea, apaiz etxe berrian jarrita dagoen harlauza erakutsi zien Iñakik, besteak beste, lapurtarrek Enbil pilotariari eskertza moduan idatzitako hitzak erakusteko. Pilliku plazatik pasa, Balea elkartean bertso batzuk kantatu, –etxeko lanak eginda etorri ziren Saratik, bertso batzuk buruz ikasita– eta Arraun Elkartera joan ziren. Han, txalupak ikusi eta gero, ergometroan eta fosoan aritu ziren arraunean.

Bezperan iritsi ziren Txurrukako aterpetxera, eta eguna Donostian igaro zuten, Acuariumera bisita eta guzti. Ostiralean, aldiz, Pasai San Pedrora joan ziren Albaola elkartera. eta irakasleek esan ziguten moduan, horrela bukatu zuten hiru eguneko bidaia tematikoa. Oso gustura egon gara, Baleen kontuak asko gustatzen zaizkie baieztatu zuen Xantal Maia irakasleak. Eskerrak eman nahi izan dizkiete Ibon, Iñaki eta Rikardo bidelagunei, eta Balea eta Arraun elkarteei.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide