Plazaz plaza ibiltzen dira Alonso eta Aulestia. Bikote sendoa da, taula gainean konfiantzaz aritzen dena, triki doinuak jotzen gozatu eta gozarazi egiten duena. Asteburuan 15. txapela irabazi dute, Zumaiako Artadin.
Bi Euskal Herriko txapelketa daude, Zeanurikoa eta Zaldibarkoa. Bigarren honetako lehen lau finalistak hartu zuten parte Zumaiako txapelketan: Mireia Ibabe eta Eneko Arbeo, Naiara Mancisidor eta Jugatz Oleaga, Alaitz Urdalleta eta Aiala Etxabe eta, Julen Alonso eta Eneritz Aulestia. Lau pieza jo behar izan zituzten: Trikitixa, porrusalda, fandangoa eta arin arina.
Lau bikoteetatik onenak, txapela jantzi zutenak, Julen Alonso eta Eneritz Aulestia izan ziren .Zeanurikoa irabazi dugu aurten, baina Zaldibarkoa ez dugu sekulan irabazi, azaldu du Alonsok. Hortaz, Zaldibarko partaide berberak zituenez Zumaiako txapelketak, are zoriontsuago daude lortutako emaitzagatik: motibazio gabe ibili gara azkenaldian, Zaldibarkoa irabaztea ezinezkoa zela iruditzen baitzitzaigun. Asteburu honetakoak pertzepzioa aldatu dio bikoteari. Orain oso gustura gaude, aitortu du oriotarrak.
Azken urtea izan da Zumaiako txapelketan parte hartu dutena. Adinagatik geroz eta txapelketa gutxiagotan hartu dezakete parte. Udaran daukate hurrengo txapelketa. Denbora-tarte handia dagoenez udara bitarte, beren piezak asmatzeko aprobetxatuko dute. Jotzen ditugun pieza gehienak guk sortuak dira. Orain pieza berriak egingo ditugu.