Bi urteko geldialdiaren ondoren, herriak Gazte Festa gosea zuela erakutsi zuen asteburuan. Horren erakusgarri, programako ekintza guztietan izandako parte-hartzea. Lehen egunean, ostiralean, plaza betea zegoen Kixkurneren igoeran. Haur, gazte eta heldu bildu ziren Curriculumeko kideak ardi beltza igotzen ikustera eta ondorengo trikipoteora. Gaueko kontzertuek ere jende ugari erakarri zuten plazara.
Larunbatean, hilaren 26an, berrehun pertsonatik gora aritu ziren paella egiten. Kamiseta laranjak jantzita, bizi-bizi egon zen plaza aurreko jolasetan eta bazkarian. Bazkalostean, herrian zehar ibili zen marea laranja, elektrotxarangaren doinuekin dantzan. Jai giroa nagusi izan zen gauetik goizaldera arte; ordu txikitan plazan soka saltoan aritutakoak bonboa eta tronpetarekin herria esnatzera joan ziren.
Herriko txikienek, etorkizunean Gazte Festak antolatuko dituztenek, ere izan zuten parte-hartzeko aukera. Haur eta guraso ugari bildu ziren plazatik gaztetxera egin zen ginkanan. Eguraldia lagun, Etxeluzetik Ortzaikara doan bidea ere jendez bete zen baltsa karreran. Ajea pasatzeko, eta Gazte Festei amaiera emateko, kontzertu akustikoa egin zen Etxeluzeko lorategian.
Argazkiak: Karkara eta Laida Iturralde