Partida bakarra irabazi dute asteburuan

Karkara 2015ko ira. 28a, 12:15

Asteburu honetan lau partidu jokatu ditu Oriok eta bakarra irabazi du, kadete mailakoa, Zumaiaren aurka. Erregional neskek husna berdindu dute. Ohorezko erregionalek nahiz jubenilek galdu egin dute.

Denboraldia hasi besterik ez da egin. Ohorezko erregionalek hasiera garratza izan dute, irabaztea kosta egiten baitzaie. Ligaz igota, jokoan itxura ona eman arren, emaitzetan oraindik ez dute lortu hori islatzea. Asteburu honetan ere galdu egin dute. Etxean jokatu zuten partidua, Mendibeltzen, eta 1-3 galdu zuten Mutrikuren kontra.

Mutriku aurkari zaila zen. Jokatutako hiru partiduak irabazi ditu eta sailkapenaren lehen postuan daude mutrikuarrak. Tolosarrekin batera, bakarrak dira 9 puntu dituztenak. Orio, ordea, sailkapenaren azken postuetan dago. Jokatutako hiru partidak galdu egin dituzte, hortaz, ez dute punturik lortu. 

Datorren astean Getariaren aurka dute partidua. Norgehiagoka garrantzitsua izango da, Getaria sailkapeneko azken postuan baitago, 0 punturekin. Hauek ere irabazteko beharra dute, punturen bat eskuratu eta gorantz joateko. Partida lehiatua izango da, beraz, datorren asteburukoa.

Erregional neskek merezitako berdinketa

Erregionaletan hiru multzotan banatu dituzte neskak. Oriotarrak bigarren multzoan daude, beste bost talderekin batera: Ostadar, Hernani, Tolosa, Ordizia eta Antigua Luberri. Horitxoak sailkapeneko bigarren postuan daude, ligako lehen partidan berdinketa lortu eta gero.

Izan ere, denboraldia asteburu honetan hasi da erregionalentzat. Hernaniren aurka jokatu dute, etxetik kanpo, eta 2-2 emaitzarekin berdindu dute partidua. Emaitza pozgarria da, futbol elkarteko kideek azaldu dutenez. 17 jokalari ditu neskan taldeak, eta horietatik 15 oraindik jubenilak eta kadeteak direnez, emaitza oso ona da. Gaztetasunari zukua ateratzea lortu dute eta merezitako berdinketa lortu dute.

Kadeteek nagusitasun handiz irabazi dute

Kadeteak izan dira Orioko taldeetatik garaipen lortu duten bakarrak. Erraztasunez irabazi dute, gainera. 5-0. Mendibeltzen jokatu zuten partidua, bizilagunak diren zumaiarren aurka. Kadeteetan ere multzo bat baina gehiago daude, hamar.

Oriotarrak zazpigarren multzoan daude eta sailkapen honetako hirugarrenak dira. Bi partida jokatu dituzte, bat berdindu eta bestea irabazi dute. Lau punturekin lehen postuetan kokatzea lortu dute. Datorren astean ere onenen artean egoten ahaleginduko dira etxetik kanpo duten partiduan ahalik eta puntu gehien bilduta. Sporting de Herreraren aurka jokatuko dute.

Jubenilak puntuak lortu ezinik

Jubenilen ohorezko mailako taldean Pasaian jokatu zuen partida eta 1-0 galdu zuen. Gol batengatik punturik gabe etxeratu ziren oriotarrak. Orain arte bi partida jokatu dituzte ligan eta biak galdu dituzte, hortaz, 0 puntu dituzte horitxoek. Gauzak honela, sailkapenean beherako postuetan daude oriotarrak.

Datorren astean denboraldiko lehen puntuak lortzen ahaleginduko dira. Etxean dute partidua, Santo Tomas Lizeoaren aurka. Jardunaldi ona da lehen puntuak eskuratzeko, donostiarrak ere irabazi ezinik baitabiltza denboraldi hasiera honetan. Sailkapenean atzetik daude Lizeoko mutilak, azken postuan.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide