Ludoteka, jostatuz ikasteko gunea

Karkara 2015ko ira. 25a, 09:09

Urria erdirako jarriko du martxan Udalak ikasturte berriko nobedadea den proiektuetako bat: Ludoteka. Txurrumuskiren esku dago HH5 eta LH4 bitarteko haurrentzako espazioaren kudeaketa.

Maiatzean amaitu zen legegintzaldian hainbatetan jarri zen mahai gainean ludotekaren gaia, eta azken udal hauteskundeetan, alderdien programetan presentzia nabaria izan du gaiak.

2011n etorri zen lehen proposamena. Orain plataformak Udalak Kale Nagusiko hogeita bederatzigarrenean zuen jabetza salduta lortutako dirua ludoteka egitera bideratzeko proposatu zuenean.

EAJren babesa zuen etxebizitzak saltzeko. Eta, adostu zuten salmentako dirua ludotekan inbertituko zutela. Tira-birak izan dira gaiaren inguruan, baina, azkenean, indarrean hartu zuen Orain eta EAJk adostutakoak: etxebizitzetatik lortutako 354.025,14 euroak ludotekara bideratu dira.

Obrak 2015eko maiatzaren hasieran hasi ziren eta, gutxi gorabehera, 200.000 euroko kostua izan dute obrek. Horri, ekipamenduaren 15.000 euroak gehitu behar zaizkio, 215.000 euro guztira. Maiatzean hasitako lanak urri erdialdean amaituko dira, eta orduan irekiko ditu ateak ludotekak.

Kudeaketa Txurrumuskiren esku

Ludoteka berriaren kudeaketa lehiaketa publiko bidez aukeratu behar zuen Udalak. Eskolaz kanpoko hezkuntza ez formalaren proiektuak integrala izan behar zuela iritzita, ludotekako eta gaztelekuko zerbitzua elkarte berak eramatea egokiena zela erabaki zuten. Txurrumuskik gaztelekuaren kudeaketarako zuen kontratua oraindik amaitzeko zegoen, eta Udalak kontratu hori bertan behera uztea eta proiektu integral batekin ludoteka eta gaztelekuaren kudeaketarako lehiaketara aurkeztea proposatu zion Txurrumuskiri.

Txurrumuski izan zen proiektura aurkeztu zen talde bakarra. Interesa erakutsi zuten beste hainbat elkarte baziren ere, herrian bertan taldea bazegoela ikusirik, ez aurkeztea erabaki zuten. Ekainean esleitu zitzaion proiektua,  dagoenerako obra hasita zegoenean. Ekipamendua jartzea eta lanean hastea bakarrik falta da orain.

Espazioaren antolaketa

Hainbat altuera ditu Ludotekaren lokalak. Sarreran bulegoa dago, eta horri lotuta areto handi bat. Hori izango da Ludotekaren areto nagusia, erabilera anitzeko gela izango da. Mahaiak egongo dira eta ekintza nagusiak bertan egingo dituzte.

Bigarren altueran antzerkiko txokoa egongo da. Lokalak berak zuen koska bat aprobetxatuz, agertoki txiki bat egin dute. Eta azkenik, hirugarren altueran, sabai baxuko txoko ba dago. Irakurketa eta bestelako ekintza lasaiak egingo dituzte han.

Astelehenetik ostiralera, arratsaldez

HH5etik LH4ra bitarteko haurrak hartuko ditu Ludotekak, eta astelehenetik ostiralera irekiko dute, 17:00etatik 19:30era. Oporraldi garaian, jai egunetan izan ezik, ordutegi berezia izango du.

Ardatz edo gai desberdinak oinarri hartuta –plastika, musika, literatura...– asteartetik ostiralera ekintzak egingo dituzte. Astelehenak jolas libreko egunak izango dira.

Horrez gain, hiru hilabetetik behin irteerak antolatuko dituzte. Gurasoek ere irteera horietako batzuetara joateko aukera izango dute.

Ludotekan izena ematen dutenek hiru egunetan joateko aukera izango dute. Batetik, astelehenetan, jolas libreko egunetan. Bestetik, gainerako egunetatik bi aukeratu beharko dituzte matrikula egiterakoan.

Hiru matrikula aldi irekiko dira. Lehena, urrian, ludoteka irekitzen dutenean, eta beste biak urtarrilean eta apirilean. Urrian plaza guztiak geratuko ez balira irekiko dira azken bi matrikulazio epeak. Prezioak sinbolikoak izango dira.

Jolasa oinarrian

Txurrumuskik herriko umeekin egiten dituen dinamikak oinarrian hartuz, ludikotasunetik abiatuko dira ludotekako ekintza guztiak. Izan ere, jolasen bitartez gauza asko ikas daitezkeela diote arduradunek.
Ardatza jolas hezitzailea izango da eta, jolasa erreminta gisa erabiliz, adin tarte desberdinetako umeak elkarren artean harremanetan jarriko dira. Azken finean, ludoteka espazio bat da, beste testuingurutan elkartuko ez diren haurrak elkartzeko aitzakia.

Horrez gain, gaztelekuak ez bezala, ludotekak gurasoekin zuzeneko harremana izateko aukera emango die  hezitzaileei. Hori alderdi guztientzat aberasgarria da: gurasoek ludotekako dinamika ezagutuko dute eta guk feedbakca jasoko dugu.

Proiektu integrala

Ludoteka eta gaztelekua, biak kudeatuko ditu Txurrmuskik. Hezitzaile berak egongo dira bi lekuetan eta, ekintzak elkarrekin egingo ez dituzten arren, jarraipen bat ematea da asmoa. Hezitzaileen erreferentzia izanda, ludotekako umeak hazten doazen heinean gaztelekura pasatzea da Txurrumuskiren helburua: umeentzako garrantzitsua da beti erreferente berak izatea, konfiantza hartzen joateko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide