Arrauna 2015

Indartu arren, aulki mugikorrean hobetzekoak daude

Karkara 2015ko ira. 25a, 08:56

50. urteurrenarekin, Orio Arraun Elkartearen hasierako esentzia berreskuratu nahi izan dute, aulki mugikorra hauspotzea  izan baita elkartearen xedeetako bat. Arraunaren modalitate hau bultzatu arren, oraindik tostako arrauna da nagusi.

Traineru horia aski ezaguna da Kantauri kostaldean, baita Mediterraneoan ere. Mirotzak esan eta lehorrekoei ere etorriko zaie gogora hori kolorea. Horia. Orio. Aulki mugikorra, ordea, ez dago horren errotuta Euskal Herrian.

Frantzian egoera bestelakoa da oso. Aulki mugikorra errotuago dago. Orion, bide horretatik joateko ahalegina egin dute 50. urteurrena aitzakia hartuta. Arraun mugikorraren aldeko apustua egin dute, apustu irmo bezain ausarta. Bide horretan lehen urratsa eta garrantzitsuena estropada internazionalen antolaketa izan zen.
Baina, etxean antolatutako estropadaz gain, etxekoek atzerrian jokatutako txapelketek ere balio izan dute herrian aulki mugikorra hedatzeko. Gainera, jokatzeaz gain lorpen garrantzitsuak eskuratu dituztenez, are gehiago sendotu da.

Zenbaki potoloak aulki mugikorrean

Aurtengo denboraldian 80 jardunalditan hartu dute parte Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariek. Jardunaldi horietan guztietan uretaratutako ontziak batuz gero, 330 ontzi dira txapelketa estropadetan aritu direnak.
Lehiaketa askotan hartu dute parte, eta lortutako sariak ere asko izan dira; guztira 80 sari lortu dituzte: bi bandera, lau trofeo, 29 urrezko domina, 29 zilarrezko domina eta 16 brontzezko domina.

Munduko txapelketaren eta olinpiaden ateetan

Abuztuaren 30ean Frantziako Aiguebelette hirian aulki mugikorreko Munduko Txapelketa izan zen, eta han izan ziren OAEko lau arraunlari. Lemazain gabeko laukoan, pisu arinean, Imanol Garmendia eta Ander Zabala; eta, lemazain zortzikoan, Jaime De Haz eta Jon Carazo. Helburua Brasilgo Joko Olinpikoetarako txartela lortzea zen. Ez zuten sailkatzea lortu, baina oraindik aukera bat geratzen zaie.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide