11965ean arraun elkartea abian jarri genuenean bi helburu genituen: batetik, Orion eta inguruan zegoen indarra, kemena eta jakinduria biltzea; bestetik, Orioko arraunlarien kalitatea ikusiz eta jakinik munduko edonoren aurka lehiatzeko gaitasuna zutela, orduan egiten zen arraunketa bultzatzen zuen arraun elkartea sortzea: Club Remo Olímpico Orio izenpean.
Espainiako Federazioak emandako urrezko domina aintzat harturik, nabaria da gure elkartearen lan historikoa, baina, zerbait aipatzekotan, 1970. urtean irabazitako Kontxako estropadari egingo nioke erreferentzia, egun hartan arraunaren historia aldatu baitzen. Ordura arteko lehia, talde bat osatu, pare bat hilabetez entrenatu eta estropada jokatzera mugatzen zen. Urte hartan Orioko trainerua 14 atletez osaturik zegoen, eta ikaragarrizko erakustaldia eman zuten. Kontxan bildutako jende guztiak kontu bera aipatzen zuen: oriotarrei irabazteko haiek egiten duten berdina egin beharra dago!
Hortik sortu ziren gaur tostarteko arraun munduan ezagunak ditugun entrenatzaile, prestatzaile, mediku eta urte osoko entrenamenduak.Lehia kirol bihurtu zen eta gaur arrauna eta arraunlariak elitekoak dira.
Gogoetarako zenbait puntu:
- Zergatik 7 oriotar, liga berean Oriorekin lehiatzeko aukera izanda, Getariara joan dira? Galdera horri erantzun jator bat eman eta dauden arazoak norbaitzuk konponduko balituzte, Orioren arraun etorkizuna ziurtatuta legoke.
- Jubeniletatik TKE ligarako jauzia handiegia da, tartean beste zerbait behar da.
- Orioko klubaren helburuak KAE-1 irabaztea behar luke izan. Hori horrela izanik TKE, Kontxa, eta txapelketak helburu izatetik harrobi lanaren ondorio izatera pasatuko liratekeelako.
- Orioko traineruan, oriotarren presentziak %60 edo %75ekoa izan beharko luke gutxienez.
- Oriok irabazteko bidea berrartu behar du berriz, baina, presarik gabe; historia ez baita bi egunetan idazten den zerbait, urteen poderioz baizik.
Posdata: 1970eko Kontxa irabazi zuen traineru hartako arraunlariek arraun elkartearen egoitzan leku berezi batean, argazki eder bat merezi dutelakoan nago, lelo batekin: hau da arraunaren historia aldatu zuen tripulazioa.