Zaila egin zitzaion ozeanoa zeharkatzea, bizitokiz aldatzea, baina ez da damutzen. Gustura dago Estatu Batuetan ofizioa eta afizioa uztartuz. Biak ditu ogibide.
Noiz eta nolatan Estatu Batuak?
Edinburgon bizi ostean beti gelditu zitzaidan atzerrian bizitzeko gogoa. Gero neska estatubatuar bat ezagutu nuen, berarekin ezkondu nintzen eta Donostiara joan ginen bizitzera. Ondoren, Suediara joan ordez AEBra etortzea erabaki genuen.
Erabaki zaila izan al zen?
Oso. Ez zen batere erraza izan familia maitea, gertuko lagunak, gustuko lana eta talentuzko musika taldea uztea. Egin beharra nuen, bai edo bai, eta hizketaldi serio askoren ostean hartu nuen erabakia. Orain pozik nago erabaki hura hartu nuelako.
Hemen bezain zaila al dago han, lana bilatzeko?
Portlandeko langabezia %4.4an dago. Enpresa asko daude eta hiria azkar ari da hazten. Egunero lanpostu berriak irekitzen diren arren, lan eskaintza ere handia da, jende espezializatu asko ari baita etortzen hirira.
Zuk zailtasunik izan al zenuen?
Egia esan oso erraza izan zen. Hona etorritakoan dokumental bati soinu banda konposatzen bukatzen nenbilen, baina behin LinkedIn izeneko orrian curriculuma jarri eta egun bakarrera jaso nuen deia. Makina-erremintan esperientzia izatea ez da oso ohikoa hemen inguruan. Makina erremintak diseinatzen dituen enpresa batean nabil lanean, ingeniaritza mekanikoa deituriko departamentuko burua naiz.
Baina ingeniari lanak musikarekin uztartzen dituzu, ezta?
Bolada batzuetan oso lanpetuta egoten naiz, baina biak ditut gustuko eta hori da betetzen nauena! Egun batzuetan goizeko 6:00etan jaiki, igerilekuan igeri egiten dudanaren itxura pixka bat egin, 7:30ean lanera sartu, 17:30ean atera eta gauerdira arte egoten naiz konposatzen. Hemengo lagunek horrela ibiltzeak merezi ote duen galdetu izan didate, baina ni orduan sentitzen naiz bizien.

Zaila, erraza... nolakoa egiten zaizu bi diziplinak uztartzea?
Denbora aldetik nahiko zaila da. Ingeniaritzako lanerako beti saiatzen naiz kurtso bat edo bi egiten urtean, eta Berklee unibertsitatean film musika konposaketako klaseak hartzen nabil iluntzetan, bi urtez. Batzuetan agortuta sentitzen naiz, emaztea ezin izaten dut ikusi... Baina oraintxe bertan ezin dut bietako bat aukeratu.
Hango lan-ohiturak eta hemengoak ezberdinak al dira?
Oso. Hemen jendea askoz gehiago inplikatzen da lanean; azken finean enpresak ordaintzen baititu bajak, pentsioak, osasun zerbitzuak eta abar. Ohikoa da goizean emaila ireki eta bart gauean baten batek mezuren bat edo bi bidali dizkizula ikustea. Politikoki askoz zuzenagoa da dena, askoz ere arau gehiago daude.
Nolatan hasi zinen soinu bandak egiten? Aukera hori noiz eta nola suertatu zitzaizun?
Lagun baten laguna film zuzendaritza ikasten ari zen, eta aurkeztu egin zidan. Nire kontzertu bat ikustera etorri zen eta handik pare bat urtetara film labur bati musika jartzeko eskatu zidan. Orduz geroztik lan batzuk egin ditugu elkarrekin eta, batera egin dugun azken lana Zinemaldian aurkeztuko da: Un Otoño Sin Berlin.
Zinemaldian egoteak berezi izan behar du...
Soinu bandak egiten hasi nintzenean ez nuen gehiegi pentsatu etorkizunean; musika beste era batean konposatzeko aukera bikaina zen, eta gustura hartu nuen. Hori orain dela lau urte izan zen, eta orain atzera begiratuta ez da erraza pasa den guztia asimilatzea. Zinemaldian izatea opari polit askoa da.
Nolakoa izaten da sorkuntza prozesua? Noiz hasi eta bukatzen da?
Film baterako sorkuntza musika album baten sorkuntzarekin alderatuz gero, oso ezberdina da. Gidoia irakurtzen dut eta ideia tenporal batzuk bidaltzen ditut. Behin edizioa hasten denean, bertsio batzuk jasotzen ditut, eta, azkenik, azken bertsioa jasotzen dut. Orduan hasten naiz serio lanean. Zuzendariarekin pare bat bilera luzeren ostean, zein eszenatan zer nolako musika behar dugun erabakitzen dugu, segundoz segundo. Hortik aurrera bi aste izaten ditut musika dena konposatzeko. Iluntze eta asteburuetan egiten dut hori, nola ez. Aldaketak egiteko, orokorrean, beste bi aste izaten ditut. Gero grabaketa ofiziala hasten dut.
Batzuetan dena nik jotzen dut, beste batzuetan musikari profesionalak ekartzen ditut etxera grabatzera edo estudiora joaten naiz.
Bada, zenbat instrumentu jotzen dituzu?
Gaizki pixka batzuk eta ondo batere ez! Normalean konposaketak gitarrarekin edo pianoarekin egiten ditut. Hortik aurrera xilofonoa, baxua, harmoniuma eta flauta melodikoarekin egin ohi ditut gainontzekoak. Hala eta guztiz ere, MIDI bitartez ordenagailuan bertan simulatzen ditut instrumentu asko, eta batzuetan garrantzi handiko melodiak egiten ditut, gainera. Normalean instrumentu errealak eta birtualak uztartzen ditut.
Zuretzat, zer nolako garrantzia dauka soinu banda batek film batean?
Izugarria, noski! Garrantzia galanta dauka, baina horrek ez du esan nahi pelikula bat ikusten dugun bakoitzean musika zeinen ederra den esaten atera behar dugunik zinematik.
Batzuetan gure lana oharkabean pasa behar da; beste batzuetan, ordea, askoz ere nabarmenagoa izan behar du. Sormenaren Bide Ezkutuak film laburrean, adibidez, oiloen eszena bat jarri zidaten eta musika jarri behar niola esan zidaten, eszena indartsu bat egiteko. Munduko oilorik onenak ziren horiek niretzat eta horrela errepresentatu behar nituen! Helburua beti zuzendariak nahi duena indartzea da, nahiz eta batzuetan musikalki aproposena ez izan.
Eta soinuak, musikak, zure bizitzan?
Izugarria ere bai, noski! Nire bizitzako momentu berezi ia guztiek izan dute musika lagun. Gogoan dut Islandiara lagun min batekin egin nuen bidaia. Kotxean astebete gidatzen ibili ginen, hitz askorik esan gabe, biok maite genuen musika entzuten. Momentu ahaztezinak izan ziren niretzat. Astero entzuten ditut disko berriak edo soinu banda berriak. Zoragarria da nota batzuekin zenbat musika egin daitekeen.
Zein soinu bandek izan dute influentzia zugan?
Aurreneko soinu banda potenteena bezala Jamers Horner-en Braveheart jarriko nuke. Hortik Clint Mansell-en The Fountain eta Requiem For A Dream, Nick Cave & Warren Ellis-en The Road...
Egunerokotasuna asko aldatzen al da hemendik hara?
Nahi duenarentzat bai. Nire kasuan hain lanpetuta egonda, egun batzuetan ez dut denbora asko igarotzen kanpoan; baina denbora gehiago dudanean, hango bizitzaren antzekoa egiten dut. Hemengo lagunekin asteburuetan mendi bueltaren bat egiten dugu, elkarrekin afaldu, kontzerturen bat ikusi...
Jendea akaso independenteagoa da. Ez dago arazorik noizean behin bakarrik deituz gero, norberaren espazioa asko errespetatzen da.

Pelikuletatik ezagutzen dugu AEB, horrela ezagutzen dugula esan badaiteke. Irudikatzen duten modukoa al da?
Bai eta ez. Irudiak oso benetakoak dira, eta herri txikiak akaso ere bai. Portland bezalako hiri berezi baten arima ezin daiteke gehiegi konparatu New York, Houston edo Los Angeleseko bizimoduarekin. Kale batzuek tankera handia dute, nire amak hala esan zuen!
Zer sumatzen duzu faltan Oriotik?
Dena bertan izatea. Etxetik bost minutura nuen lana, tabernak, itsasoa, mendia... Hemen dena askoz ere bananduago dago. Aspalditik ezagutzen dudan jendea sumatzen dut faltan batzuetan, nahiz eta duela hiru urtetatik ezagutzen dudan jendearekin harreman estua egiten ari naizen.
Etortzen zara hona?
Asmoa bi urtez behin joatea da, nahiz eta aurreko urtean hiru aldiz joan nintzen. Opor oso gutxi ditugu hemen eta ez da erraza horrelako bidaia bat sarri egitea.
Zer gauza egin dituzu AEBn, hemen egin ezin dituzunak?
Etxeko estudioan diskoak grabatzea, kotxe hibrido bat edukitzea, ardoagatik hainbeste ordaintzea, euskalduna izatea zer den esplikatu eta sexya dela entzutea, ingeniaritza departamendu bateko buru izatea, itsasoari begira hartu ordez eguzkia ibaian hartzea, spa batera joan eta bainujantzia nik bakarrik dudala konturatzea, terraza batean zerbeza bat edaten egon eta jende mordo bat bizikletan larrubizirik pasatzen ikustea, horrenbeste jendek euskaldunak nor garen jakitea eta, gainera, errespetatzea, egitazko piano bat izatea etxean, laku ondoan txabola bat berritzea, jendeari nire izena esan ezin zutela ikusita Joe deitzeko esatea, bi katu –ederrak katuak!– edukitzea...