Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenak irailaren 20an hasi ziren, baina Gipuzkoa Bertsotan kanporaketatik sailkatutako lau oriotarrek ez zuten Beasaingo saioan bertsotan egin. Oriotarren artean kantatzen lehenengoa Xabier Sukia izango da. Igande honetan egingo du bertsotan, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean.
Inaxio Usarraldek aurkeztutako saioan sei bertsolari igoko dira oholtzara: Maider Arregi, Mikel Artola, Aitor Irastortza, Beñat Lizaso, Gorka Azkarate eta Xabier Sukia. Arratsaldeko 17:30ean hasiko da saioa. Saio bakoitzeko irabazlea, zuzenean, final laurdenetara sailkatuko da. Gainontzeko sailkatuak puntuazioz erabakiko dira, hau da, irabazleez gain, lehen 17ak final laurdenetara sailkatuko dira.
Iñaki Gurrutxagak eta Egoitz Eizagirrek elkarren aurka egingo dute bertsotan, urriaren 10ean, Arrasateko Amaia antzokian, arratsaldeko 17:30ean. Berekin batera igoko dira taula gainera Eneritz Artetxe, Haritz Casabal, Aratz Igartzabal eta Felix Zubia. Aurkezle lanetan Asier Iriondo egongo da.
Hurrengo egunean, urriaren 11n, Andoaingo Bastero kulturgunean Ibai Esoainek egingo du bertsotan. Bertsolagun izango ditu Gemma Urteaga, Jokin Uranga, Antton Fernandez, Asier Azpiroz eta Unai Gaztelumendi. Saioa Imanol Artolak aurkeztuko du.