Gaztetxe bat aldarrikatzeko helburuarekin egin ziren lehen aldiz Gazte Festak Orion, 2008an. Xumeki hasi zen festa, bost urtetan egutegian gorriz margotutako data bihurtu zen. 2012an egin ziren azkenak eta orain, bi urteko geldialdiaren ondoren, Gazte Festak berpiztu egin dira.
Nola sortu zen Gazte Festak berriz antolatzeko ideia?
Koadrila ezberdinetako hainbat pertsona berriketan aritu ginen festetan, Gazte Festek jarraipenik ez izatea pena bat iruditzen zitzaigula. Hitz egitean, jendeak gogoa bazuela nabaritzen genuen, eta berriz ere, zerbait antolatzeko ideia bururatu zitzaigun.
Whatsapp bidez mezu bat zabaldu eta bilera bat antolatu genuen uztailean. Geroztik, asteazkenero bildu gara guztia antolatzeko. Aurreko urteetan Gazte Festak antolatu izan dituztenez gain, jende berri asko dago taldean.
Aurreko urteetako filosofia berarekin ari zarete, ezta?
Bai, egitaraua antzekoa da eta oinarrian dauden ideiak ere berak dira. Hasieratik argi genuen, beste urteetan bezala, festak gazteengandik eta herriarentzat, erabat autogestionatuak izango zirela. Festaz gain, aldarrikapenari eta parte-hartze aktibo parekideari garrantzia handia ematen diogu.
Paella lehiaketa Gazte Festetako ikurretako bat da dagoeneko.
Bai, eta horren esentzia mantendu nahi izan dugu. Beti bezala, eskuz serigrafiatutako kamisetak banatuko ditugu paella lehiaketan parte hartuko dutenen artean. Aurten laranja kolorekoak izango dira, azken urteetan euskal herriko hainbat mugimenduk adierazpen askatasunaren eta desobedientzia zibilaren alde egiteko hartu duten kolorea baita.
11:00etatik 11:30era banatuko ditugu kamisetak eta berrikuntza bat izango du lehiaketak. Bazkaria prestatzen hasi baino lehen jolasak egin beharko dituzte parte-hartzaileek, paella egiteko osagaiak lortzeko.
Baltsa karrera ere aldiro errepikatzen da.
Bai, aurten Ortzaikatik aterako da eta gaztetxean amaituko da baltsa karrera, igande arratsaldean. Beste hainbat tokitan egin duten bezala, aurten plastikozko poltsa puzgarriak jarri ditu asanbladak baltsak egiteko. Zarautzen eta Donostian ere horrela egiten dute eta ideia gurera ekartzea erabaki genuen, berrerabilgarriak direlako.
Igandeko ekintzak gaztetxera eraman dituzue.
Bai, gaztetxea aldarrikatzeko sortu ziren Gazte Festak, eta gaztetxeari presentzia eman nahi diogu. Igande goizean gaztetxera ginkana bat egingo dugu. Familian, haur eta helduek ere gazte festatan parte-hartzea da helburua.
Baltsa karrera ere han bukatuko da eta igandeko kontzertu akustikoa Etxeluzen izango da.
Jarraipena emateko intentziorik ba al duzue?
Bai, noski. Talde iraunkorra sortzen saiatuko gara, datozen urteetan Gazte Festek jarraipen bat izan dezaten. Espero dugu herriko gazteak mugitzen hastea eta hau hasiera bakarrik izatea. Talde irekia izango da eta herritako gazteei bileretara azaltzera animatu nahi diegu.