Kontxako banderaren bigarren igandeko bezpera. Aste osoan bezalaxe, komunikabideetan Hondarribiako eta Bermeoko entrenatzaileen hitzak protagonista. Mikel Orbañanos eta Jon Salsamendiren aurpegiak nonahi. Eguraldi ona edo hain ona ez; itsaso nahasia, haize-olatua edo baga; bi segundoko aldea, gutxi, edo nahikoa aurrea hartuz gero; irteera txanpa erabakigarria, eta ziabogara aurretik iristea hoberena; itzulerakoan olatuetan poparean etortzea edota kale egotikitik iristea Santaklara parera...
Denboraldi honetan ere, udan zehar, punta-puntan ibili dira bi oriotarrak gidatutako taldeak. Horiz jantzita ez, baina Orioren izena arraunzale eta kirolzale askoren belarrietara eraman dute. Gure Mirotzak ez du urterik onena izan, baina Jonek nahiz Mikelek Orio arraunaren erakusleihoan jarri dute hilabete hauetan. Arraunzaleek bazekiten bi traineru onenen teknikariak oriotarrak zirela. Biak izan dira azken urteetan gure herriko tradizioari segida eman dioten oriotarrak. Orion ikasitakoa barneratu eta egokitu egin dute, primeran, ezin hobeto. Eta emaitza hor dago: Ligak eta Kontxak kolore horia ere izan dute. Eta ez dut zalantzarik biak ere nahiago luketeela beren herrira ekartzea sari handi horiek.
Azken albisteek aldaketak iragartzen dituzte elkartean. Hitz hauek idatzi ditudanean airean zegoen gure arraunaren lema hartuko duenaren izena. Nolanahi ere, txoko honetatik esan Igor Makazagak azken urteetan egin duen lana txapela kentzekoa izan dela. Kontxako estropaden aurreneko luzea eta estropadaren
bukaera bikaina, egin duen lanaren froga izan ziren, eta hori hobetzea ez da lan makala izango etorriko denarentzat.
Nolanahi ere, datu garrantzitsu bat azpimarratu beharren nago: Orio izan dela Kontxako bi ohorezko txandetan, emazkumezkoetan nahiz gizonezkoetan, ordezkaritza izan duen elkarte bakarra. Aupa Orio! Aupa oriotarrak!