Arrauna 2015

Hori horiek

Itzea Urkizu 2015ko ira. 24a, 13:06

Sentimendu batek eta sentimendu hori bizitzeko ehunka iritzik ere egiten baitute kolektiboa.

Orio al Serio 2.000 biztanlera iristen ez den herri txiki italiarra omen da; beren txikitasunean, aireportua ere badute. Facebook­en ezagutu nuen nik eta, orduz geroztik, nire jaioterri bilakatu da mundu birtualean. Izan ere, sare sozialek bizitza zatiak lapurtzen dizkigutela askotan errepikatzen den arren, zenbait demokraziak baino arnas gehiago eskaintzen digute, nongoak izan nahi dugun erabakitze horretan.

Italiatik gertuagoko txokoetara itzulita, Oriyoko ponten bataiatutakua da hau, eta kito. Horrek erabakitzen du, antza, horia sentitu, bizi, erraietan eraman eta kolore hori daraman traineruagatik negar egin dezakezula. Forofismoei azalpen logikoak emateko ere tresna bikaina da bataioarena eta, are gehiago, Facebook­eko profilean Filipinetako Tolosan bizi zarela jartzen dizunean; Gipuzkoarik sakonenean, Erreala ala hil baita fanatismo ulergarri bakarra.

Nahiz eta txuri­urdinak baino gusturago egoteko moduan izan, oriotar asko elizkoi bilakatuko lirateke oraintxe, edo lehenengoz ponte santu horretan bataiatu, zortzi urteko itxaronaldi luzeari, behingoz, amaiera emateko.

Baina autobus horirik eta aliron erraldoirik gabeko uda luzeek ematen dute, besteak beste, Oriok 31 bandera preziatu baino altxor askoz ere handiago bat baduela ikusteko: bandera horiek txalotzen dituen masa erraldoia.

Asteburua errepideko kilometrotan hipotekatzen duena. Garai batean estropada bakar bateko hutsak ia barkatzen ez zituena eta, orain, San Nikolas bezainbeste Txiki maite duena; edo hala egin beharko lukeena. Eta, bai, lehorreko arraunzaleoi nortasun kolektibo hori oparitzen diguna.

Jende multzo bati dagokiona da, hiztegiarentzat, kolektiboa. Hamaika gauza izendatzeko erabil genezake, baina, ausartuko naiz esatera, traineru baten barruan eta inguruan bizi den herri batek asko duela hartzeko, hitzaren itzaletik.

Sentimendu batek eta sentimendu hori bizitzeko ehunka iritzik ere egiten baitute kolektiboa. Ondo gogoratzekoa da, beraz, Orio Orio egiten duen palmaserak adina dirdira duela afizioak. Ontzirik indartsuena ere galtzaile bilakatzen baita txalotzen ez duen herririk gabe. Estatxen tentsioa tostetatik bulegoetara pasatu den honetan, iritziek ehundu dezatela, lehia ontzi hori horiek bultzatzeko grina.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide