Zazpi edo zortzi urte izango zituen gure osaba txikia Jonek bapore batean sartu zutenean. Bilbon, 1937an. Ingalaterrara eraman zuten anai-arreba eta lehengusuekin batera. Gerra zibilaren garaian, familia abertzale baten baitan jaioak izatea, hura zuten erru bakarra. Urte pare bateko deserriratzea izan zuten eta, gerora, bere familiarekin elkartu ziren Zarautzen.
1970ean, osaba Jon bere emazte eta lau koinata-koinaturekin Italiara joan zen, oporretan. Erroman ostatu hartu zuten hotelean gizonezko bati erreparatu omen zion. Aurpegia ikustearekin batera argi izan omen zuen; 33 urte atzera egindako bapore bidaia hartan lagundu zuenetako bat zen. Galdera egin eta gizonezkoak harriturik baiezkoa eman zion, lan horietan jarduna omen zen.
Liluraz aditu izan diot amonari behin eta berriz istorioa. Bera baizen automobil hartan joan zenetako bat. Zer den giza memoriaren ahalmena: momentu kritikoetan lagundu digutenen aurpegia burmuinean iltzatuta geratzea urte luzeetan.
Badut lagun siriar bat, Sam. Lagun min baten lagun mina. Etxeko maiorazkoa. Londresera dirua egitera joan zen Sam, gero bere herrian etxea eraiki eta negozioa jartzeko. Urteetan jardun zuen amets hura errealitate bihur zedin. Egin zuen etxea, eta Londresen jarraitu zuen, negozioa ere eraikitzeko asmotan. Sirian ezkondu, eta emaztea bere gurasoenera aldatu zen. Izan zituzten hiru ume ere.
Orain ez guraso, ez emazte, ez eta seme-alabak ere ez dira Sirian. Sam bera ere ez. Samek, gaur egun ere dirua egiten jarraitzen du Londresen, eraikitako etxea ez delako jadanik zutik. Bere familiak herritik alde egin zuen gauean bertan txikitu zuten. Dirua egin behar berriz ere. Ez ondasuna pilatzeko, osasuna izateko baizik. Inoiz elkarrekin topo egingo duten esperantzan.
Bi istorioei lotura egin diet egunotan, behin eta berriz komunikabideetan siriarren exodoa ikustean. Nire onerako zera pentsatzen dut, europarron geurekoikeriak aldaketarik ez badu, Samen familiako kideek ez dutela memoriaren liluraz hitz egingo etorkizunean. Ez dute-eta hemendik hiru hamarkadatara gaur lagundu berri dien horren aurpegirik gogoratuko. Lagunik ez dutelako. Lagundu nahi ez diegulako.