Neskak txanpon berean

Arturo Elosegi eta Eneritz Odriozola 2015ko ira. 24a, 12:08

Hilabete lehenago, Leitzako festetan, neskak atera ziren lehen aldiz ezpatadantzan. Hura kontrastea!

Kaixo Eneritz. Lehengoan  Hondarribian ikusi zintudan, Jaizkibel konpainia mistoari animoak ematen. Ez da gutxiagorako, animoa behar baita plastiko beltzen eta oihuen artean festa egiteko! Baina plastikoak jartzen dituztenen kopeta iluna ikusita, galdera datorkit: zer behar du batek herrikideei festan parte hartzea galarazteko? Nola gorroto daiteke alardean atera besterik nahi ez duena?

Hilabete lehenago, Leitzako festetan, neskak atera ziren lehen aldiz ezpata-dantzan. Hura kontrastea! Herri oso bat txaloka, jendea hunkituta. Neskena ez zen, noski, denen gustukoa izan. Bakarren batek aitortu zidan nahiago lukeela neskarik aterako ez balitz, baina atera nahi badute, zein naiz ni hori galarazteko. Hondarribikoa ez errepikatu nahi izateak ere izanen zuen zerikusia horretan, noski.

Horrek zer pentsatua eman dit, zergatik herri batean auzia horrela katramilatu eta bestean ez? Zergatik ateratzen dira emakumeak Zubietako ttuntturroetan baina ez Iturengoetan? Nago ez dela alderik herrien artean, gehienez ere, astakirtenen bat hasiko zen batean espantuka, eta dena mikaztuko zuen. Dena mikazten hasteko, noski, astakirten batekin aski izanen da, baina hogei urtez gaia zornatzen uzteko, horretarako politikariak behar dira.

Kontuak kontu, berdintasuna oraindik urrun dugu. Gainera, nago itxuraz lortu den lekuetan ere, sakoneko desberdintasunak mantentzen direla. Ez al da horrela gertatzen emakumeen kirolarekin?

Bai, hala da, Arturo. Hondarribian alardea ikusten izan ginen. Jaizkibelekoen plastiko beltzezko bideari bizkarra ematen. Txaloak guk, desfilatzen ari zirenek esker oneko aurpegiak guri. Geroztik, berriz, Kontxako arranplan izan gara. Gure neskei estropada ondoreneko ongi etorria egiten. Txaloak guk, haiek esker oneko aurpegiak guri.

Esker oneko aurpegiak ikusita, Hondarribian zein Donostian, begiak busti zitzaizkidan. Emozioa eta tristura sentitu nituen aldi berean. Emozioa, itxaropena badudalako noizbait berdintasuna, edo hari hurbiltzen zaion zerbait, ezagutuko dudala. Tristura, oraindik ere bide luzea ikusten dudalako.

Jaizkibel konpainian izeba Arantxa ateratzen da. Aurtengoa hemeretzigarrena izan du. Eta etsipen tonuz esaten zidan, berak desfilatzen duen bitartean ikasle gaztetxoen mespretxu aurpegiak ikusi behar izaten dituela. Ikasle neskak plastiko beltzen atzean; izeba indartsu desfilatzen.

Joan den igandean, trainerua arranplan gora bizkarrean zekartenak, ikasleak izan nituen. Ikasle neskak. Neska gazteak. Animatzaile gutxi bildu ginen, baina indarra ikusi nien.

Hondarribiko neska gazte kantinerableak eta Orioko neska arraunlariak: txanpon beraren bi alde. Bidea luzea izango da, txanpon berean bi aldeek jarraitzen duten bitartean. Bitartean, emozioa, itxaropena eta indarrarekin geratzen naiz: izeba desfilatzen eta ikasleak trainerua bizkarrean. Eutsi gogor!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide