Un Otoño sin Berlin Lara Izagirreren filma da. Zuzendari euskalduna da Izagirre. Baina filmean parte hartzen duen euskaldun bakarra ez da bera, Joseba Brit oriotarrak ere hartu baitu parte.
Filmak June izeneko neskatilaren istorioa kontatzen du, zeina sorpresaz bere jaioterrira itzultzen den. Etxera buelta mingarria izango da. Bere familia eta bere lehen bikotekidea, Diego, aldatuta daude. Bera ere aldatu da. Harremanak lehengoratzea ez zaio erraza egingo. Halaber, ahalegindu egingo da eta udazkeneko hego haizeak egiten duen moduan, Junek guztia asaldatuko du.
Bere gaztetako lagunarekin, Anerekin, harremana leheneratuko du. Ane haurdun dago. Nico izeneko haur bati frantzeseko eskolak emango dizkio. Umeak galdu duen inozentzia berreskuratzen lagunduko dio Juneri. Familiakoekin ere hoztutako harremana biziberritzen ahalegintzen da. Diegorekin Berlinera joateko ametsari eusten dio berriz ere. Hau da, atzean utzitakoak berriz abian jartzen saiatzen da, tartean, Berlingo bidaia.
Eta hori guztia kontatzen duen filmaren soinu banda egin du Joseba Brit oriotarrak. Zinemaldian estreinatuko da filma, datorren asteartean, irailaren 22an, Victoria Eugenia antzokian.