Abante Txalopa!

Jon Agirresarobe 2015eko irailaren 16a

Hasiberriaren ilusioa. Marinel erretiratuen jarioa eta sinismena. Abentureroa eta bohemioa hortzetaraino, hona hemen azalpena: hara eta hona belaontzian ibilia eta herrian dagoenean bizimodua ontzian egin zalea. Sortzaile guztiak bezala barruko galderak mugitzen du, baina iparra galdu gabe dabil lanean. Zientzia du sinismen bakarra: distantzia eta denboraren arteko zatiketa baita abiadura, munduan eta Ubegunen hartu duen lanerako lokalean. Hona hemen Jon Lasa, Branka Composites enpresaren sortzaile eta arima. Trainerua egin du eta uretan izango da aurki, baina naufrago itxurako itsas ingeniariaren asmoak ez dira hamahiru apostoluetara mugatzen. Ikerketa, nabigaziorako diseinuak edo ideiak eta karbono zuntza lantzeko teknika berriak dakartza.

Plazan kotxean sartu eta errioz beste aldera eraman gaitu, lan lekura. Han dago traineruaren modeloa, egurrez egina. Lasak azkazal tarteak belztuta ditu aspaldi, muturraren aurrean daukagun ontzia lehen proiektuaren biloba delako, hirugarren jenerazioko trainerua. Gainera igotzeko gomendatu dit, sentsazioak behar bezala bizitzeko. Gozamena izan da berakin pasa dugun iluntzea, eta giro hori zuei transmititzeko,  gure artean egin bezala, hitanoa erabili dugu.

Errio ertzean ezagutu haugu beti: arraunean, uretan igeri, ontziren batekin jolasean. Azkenean ofizio bihurtu.

Gogoan diat Justo Agirrebeña zenaren motorrean sartu nintzenean ontziak egin zian kulunka. Horixe duk umetako lehen oroitzapena. Ur- gain etxean bizi gintuan, eta umetako oso oroitzapen ederrak dizkiat. Beti ur-bazterrean, saltsan.  Arrasto  handia utzi zidak itsasoak, errioak eta marearen gora-beherak, gerora hartu ditugun erabakietan ere eragina izan ditek, zalantzarik gabe.

Arraunean ibilitakoa haiz, Joxemari Olasagastiren artxiboak ez ziok gezurrik.

Hala duk. Asko gozatu nian, baita ikasi ere. Talde lana eta diziplina dituk arraunak emandako lezioak. Sufritzera gindoazela jakin eta halere gustura joan, hori dik arraunak. Orduko Lasa finak ez dik gaurko idiskoarekin antza handirik, baina asko ikasi genian tostartean.

Barka atrebentziak Lasa: uste diat unibertsitateko lehen esperientziak hautsi ziala arraunak emandako diziplina gaitasuna. Kantuak dioen bezala estudioak ikasitzera Salamankara bialdu, baina motibazioa ez duk botikan saltzen.

Ez nian batere garbi zer estudiatu. Itsasoari lotutako zerbait egiteko aukera garbirik ere ez Coruñatik Jerez de la Frontera tartean. Botikari ikasketak egitea erabaki errazena izan zuan. Baina ez nian fundamenturik egin. Handiena festarako. Hogei urterekin, ordea, aitak animatu ninduen itsas ingeniaritza ikasketak egitera Southamptonera joatea.

Salamanka eta Southampton. Gaua eta eguna.

Ingelesa ikasten aritu ninduan lehen hilabeteetan, irailean eskolan hasteko. Lehen egunetik harritu ninduen unibertsitateak. Hezkuntza modua izugarri aldatzen duk eta gizartean eragina dik, ez izan zalantzarik. Esaterako, matematikan edo fisikan ohituta gaudek formulak nondik datozen ikastera. Han formula horiekin zer egin irakasten zigutean. Esango diat: inoiz egin dudan azterketarik zailenean, apunteak, aurreko urtetako azterketak eta internet erabiltzeko aukera izan genian. Arazoari soluzioa aurkitzeko eskatu zigutean. Erreminta guztiak eskura izanagatik beste zerbait behar duk: imajinazioa, etorrera... Imajinazioa ezagutza baino garrantzitsuagoa duk. Burua paraxuta bezalakoa duk, irekitakoan bakarrik funtzionatzen dik. 

Itsas ingeniaritza ikasten hasi eta pare bat urtera trainerua gauzatzen hasia hintzen. Azkarra; lehorrean behintzat bai.

Mutil kozkorretatik nian traineru bat sortzeko gogoa. Buruan gauza asko nizkian, baina ontzi bat egiteko laguntza behar duk. Lehen aukerari heldu nioan: Mikel Arostegi arraunlari eta umetako lagunaren bitartez izan nian Tknikaren berri, Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako zentroa duk. Karbono zuntza nola manipulatu aztertzen ari zituan, aspaldiko molde batetik ateratako traineru bat egiteko asmotan. Alegia, ontziaren diseinua berritzeko asmorik ez zitean, atrebitu eta proiektua aurkeztu nuen arte. Segituan hasteko esan zidaten.

Usaimenetik jo izan duk itsasoan eta traineru munduan. Hik azterketarako datuak bildu nahi izan hituen.

Sentsazioak oso garrantzitsuak dituk baina datuei ezin zioagu  bizkarra eman. Azterketa zientifikorako ezinbestekoa duk hidrodinamika kanala. Southamptoneko unibertsitatean, ikasketak egindako lekuan, bost traineru aztertu genizkian Towing Tank esperientzia hidrodinamikoen kanalean. Simulagailuan, herritarrek ulertzeko moduan esanda. Azterketak egiteko modeloak behar genizkian eta Fontanen, Cuestaren, Amilibia zaharraren eta berriaren –arripadura duena eta platanitoa deitua– bi metroko maketak egin genizkian. Baita nire lehen diseinu baten beste maketa bat ere. Nire lehen irudipenak frogatzeko aukera izan nian eta gustura bueltatu ninduan.

Dirudienez, kanaleko olatuetan ondorio nabarmenak atera hituen. Tknikaren bitartez egin huen simulagailuan datu onak eman zituen ontziaren hurrengoa edo umea, hobekuntza batzuk sartuta noski.

Hala duk. Tknikan egin genian trainerua, debaldeko lanean ordu asko pasata. Bost-sei taldek probatu zitean nire bigarren diseinu hori, eta orain merkatura ateratzeko molde berria egiten ari gaituk Brankan. Hirugarren jenerazioko traineruak berrikuntza batzuk izango dizkik, aurrekoa uretan probatu genuenez handik ikasitakoa kontuan hartuta ari gaituk lanean.

Datutan oinarrituta, azkarra izango al duk hire ontzia?

Traineru guztietan bi alderdi aztertu behar dituk beti: ur azpia edo gaztelaniaz obra viva deitua eta ur azaletik gorakoa. Ur azpiko zatiak errioan edo itsaso barean markatu zitzakek diferentziak; gure traineruak urarekin kontaktuan dagoen azalera txikiagoa dik eta horrek erresistentzia frikzionala gutxitzen dik. Obra muerta deituak eragina dik itsasoan, brankan eta poparean. Gure ontziak bolumen banaketa ezberdina dik: batetik branka finagoa, bestetik gerrian eta txopan gorputz gehiago dik. Bi arrazoi horiengatik poparean egokiagoa duk eta brankaz nabigazioa gozatu zezakek. Probatu dutenek esan didatenez, oreka handiko ontzia duk, eta ziabogetarako azkarra. 

Entzun dudanez, moila gaineko kontua igual duk, trainerua estruktura aldetik ere berritzaile samarra duk.

Pedreñako traineru berriak inflexio puntua markatu zian alor honetan. Aspalditik buruan nuen ideia pare batekin aurrea hartu zidatek. Haren jarraipena duk gurea, ontzigintza tradizionalak utzitako arrastotik ezberdina: koaderna estankoak eta osoak zeuzkak, elementu longitudinal lateral indartsuak dizkik eta kaskora integratuak. Zentzu gehiegirik ez duten elementu asko kendu dizkiagu eta oso zurruna eta arina atera duk, egia esan.

Zer den gure herria: enpresa baten proiektua ezagutzera etorri eta txalopari buruz joan dituk dozena erdi galdera. Branka Composites ez duk traineru egilea bakarrik izango. Ikerketari garrantzia eman nahi diok, ikusten denez.

Lokala hartu eta lau lagun ari gaituk lanean. Hala duk, ikerketan eragin nahi nikek. Lehiako ontzietan diseinu proposamen berriak egiteko gaudek, besteak beste. Baina eraikita dauden ontziekin ere azelerometria bidezko azterketa egiten diagu itsasontziaren prestazioak hobetzeko, adibidez, traineru baten errendimendu dinamikoa optimizatzeko. Bestalde, baxurako arrantza ontzi baten efizientzia energetikoa edo belaontzi baten abiadura potentziala aztertzeko aukera eskaintzen diagu Branka Composites enpresan.

Ikerketa duk adar bat, karbono zuntzaren lanketa bestea.

Hara hor Composites hitzaren zergatia. Material konposatuak erabiltzen dizkiagu ontzigintzan: bidrio edo karbono zuntza bezalakoak errefortzu gisara, eta poliester edo epoxi erretxina. Beharraren arabera bat edo bestea erabiltzen duk. Baina teknikak menderatu behar dituk, eta gu infusion por vacio delakoarekin ari gaituk lanean. Eskuz aritu beharrean, bonba baten bidez presio negatiboa sortzen diagu erretxina injektatzeko. Oso prestazio onak eskaintzen dizkik teknika honek.  Ontzigintzan ez ezik, aeronautika, automozio eta energia berriztagarrien arloan gero eta leku handiagoa ditek material konposatuek. Diseinatu, fabrikatu eta probatu. Prozesu osoa Brankan bertan egiten diagu eta zikloa osorik gauzatzea interesgarria dela uste diat. 

Beti teknologia berriei begira, ordu txikitan ordenagailuan egoten al haiz sarri?

Egon beharra zegok. Esaterako, 3D inpresorak erabiltzen hasi gaituk pieza txikiak egiteko. Zenbait pieza modu honetan egiten saiatzen ari gaituk, pixkanaka-pixkanaka lantzen eta aztertzen. Ur azaletik gainera ateratzen den hidrofoil prototipo batekin ere probetan ari gaituk. Oso potentzia txikiarekin abiadura ikaragarriak lortzeko gai izango duk. Itsas energia berriztagarriek ere etorkizun handia ditek. Hasiberriak gaituk, denborarekin joango gaituk esparruak gehitzen.

Ezin da lo hartu esanaz itzali dugu grabagailua. Lasak  estropadak ontzian ikustera gonbidatu gaitu. Kuadrillan joan gara abuztuko igande eguzkitsuan. Nabigazioaz  ikastaro trinkoa hartu dugu Zarauzko estropada eremu laburtuan. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide