Turismoarenak Orion, zirenak eta direnak

Iñaki Iturain eta Karkara 2015ko ira. 16a, 09:14

Donejakueren iparraldeko bidea, Arraunetxe, gastronomia....  Asko dira bisitarientzat Oriora etortzeko amuak. Azken urteotan aldaketarako apustuak egin dira eta turismoak gora egin du Orion.

Turismoa Orion ez da ekonomiaren oinarri, eguraldiagatik ia udako hilabeteetara mugatzen delako; baina badu bere garrantzia, eta ez bakarrik ekonomiaren ikuspegitik.

Azken urteotan turismo-bulegoa ere badu, Goiko Kalean dagoena, Done Jakue bidearen erakusketa-museoarekin batera.

Gaur egun, kanpina, hondartzako Balea hotela eta autopista ondoko Txanka Erreka hotela dira kanpotarrak hartzeko Oriok eskaintzen dituen azpiegitura sendoenak. Aldape baserrian, hango Rosa Mari Arrutik Santiago bideko erromesentzat jarri zuen aterpeak ere mundu guztiko ibiltari asko hartzen du. Horiez gain, badira herrian ostatu bat –Xaloa– eta landa-etxe batzuk ere: Aizperro, Itsaspe, Amalur, Igeldo, Erretzabal Txiki eta Lusarbe.

Turismoaren hasiera Orion

Orain iragana dira Toki Alai eta Esnal hotelak, baina garai batean leku berezia bete izan zuten bi hotel hauek Orioko bizitzan: haiek ziren herrira iristen ziren kanpotarrak hartzen zituzten ostatu bakarrak.

Hotel Toki Alai: Cuisine francaise. On parle français

Horixe zegoen idatzita errioaren aurrean eta zubiaren ondo-ondoan zegoen hotelaren paretan, orain izen horixe duen EAJren batzokia dagoen tokian.

Toki Alai hotela eta jatetxea zen. XIX. mende bukaerakoa zen etxea. Hasieran Kolon izena izan zuen. Hortik dator plazako tabernaren izena ere, Kolon Txiki, jabe berberarena izan zelako.

Urte askoan Toki Alai izan zen Orioko erdigunea, hantxe egiten ziren herriko ospakizun gehienak, eta gauza bat segurua zen: handik inor ez zen goserik aterako.  Orion inon ez zen gertatzen izena eta izana hain berdintsua izatea Toki Alain baino. Bazkaria sei pezeta eta erreal batean ematen zuten 50eko hamarkadan. Autobuskadak etortzen ziren kanpotik, batez ere Errenteria eta Donostia aldetik, eta  frantsesak. Bazkal ondoren musika jartzen zuten, trikitixa, Sole eta Olarrea, filarmonika eta jazbana –bateria– jotzen, eta jendea bertan geratzen zen. Diru gehiago ateratzen zuten kafea eta zerbezak ematen bazkariarekin baino.
Marrota baserriko Juanito Atorrasagastik hartu aurretik, bere arreba Mariak izan zuen Toki Alai. Hark utzitakoan pasatu zen Juanito Bar Centraletik –gerora Amilibia taberna– Toki Alaira. Horregatik deitzen zioten Toki Alairi Central.

Hotel Esnal

1948ko abenduaren 5ean zabaldu eta 60 urtez egon zen zabalik, Modesta Enea. Bertan jardun zen lanean Modesta, 1998an hil zen arte, bere bi alabekin: Mari Kruz eta Eugeni.

Hitz hauekin eskaintzen zuten zerbitzua: Erosotasun modernoa. Primeran kokatua.Terrazatik ikuspegi bikaina, Orio erdi-erdian. Frantsesez eta ingelesez hitz egiten dugu. Aretoak edozein ospakizunetarako: festak, tea, ezkontzako bazkaria, bataioak, jaunartzeak, omenaldiak... Goi mailako sukaldaritza, frantsesa eta espainola. Herrialdeko plater tipikoak. Egunekoa eta kartan. Bar amerikanoa–Aperitiboak–banderillak.

Udal Kanpina

Herria turismoa benetan kontuan hartzen 1960an hasi zen. 1961ean Orioko Kanpina zabaldu zuen Udalak, nahiz eta Donostiako Garoa bidaia-agentziari eman zion haren kudeaketaren ardura, hogei urterako. Udalak 1981ean hartu zuen kanpina beregain eta ia bikoiztu egin zuen kanpinaren tamaina.

Beste aldaketa nabarmena 2011n hasi zen ematen: kanpin-dendak eta karabanak jartzeko lekuaz gain, bungalowak jarri baitzituzten turisten eskura, 34 guztira: 6, logela batekoak; 22, bi logelakoak; 4, hiru logelakoak; eta bi, egokituak.

2013ko ekain amaieran abiatu zuen Orioko kanpinak bungalow-zerbitzua. Ireki berritan harrera ona izan zuten, bungalowen %30 bete baitzen uztaileko lehen asteburuan.

2014an ikusi ziren aldaketaren fruituak, azken hamarkadako urte onenarekin –2010– alderatuta irabaziak 3,37 biderkatu baitziren. 2004tik 2013rako tartean 90.089 € irabazi ziren guztira; eta 2014an, urte bakarrean, 155.106. Iaz fakturazio errekorra izan zuen kanpinak: 636.990 €, BEZa gabe.

2015ean ere datu onak lortzen ari da kanpina. Uztailean eta abuztuan Beteta kartela jarri behar izan baitute sarreran.

Hondartza

Garai batean arriskutsua zen arrantzaleentzat lehorreratzea, olatuak errio barruraino sartzen baitziren. Olatuen bidea oztopatu zezakeen barra txikia zen oso. Hondartzarako bi bide zeuden: plaia handirako bata eta plaia txikirako bestea –oraingo kirol portua–. XX. mende hasieran Dato palazioa eraiki zuen Perez-Agote familiak, orain autopista pasatzen den eremuan. Lursail handiko eremua zen hondartza aldea, eta 1960 urtera bitarte palazioa, San Juan ermita, hondartzan lau txalet eta txabola bat besterik ez zegoen eraikita.

Kanpina eraikitzearekin batera, tabernak jartzen hasi ziren. Aurrenekoa Alberdinekoek jarri zuten, orain Galerna jatetxea dagoen tokian; gero sortu ziren Mariñela, Alanbrerorena, Boga-Boga, Txu Txu…

1978an futbol zelaia egin zen hondartzan, zati belartsua aprobetxatuz. Aldaketa nabarmena 1990eko hamarkadan etorri zen, orduan hasi baitziren eraikitzen itsasoko barra erraldoia, kirol-portua, bestaldeko zabalgunea, hotela eta kanpin ondoko etxe guztiak eta hasi zen hondartza aldea hartzen orain duen itxura.

Hondartzaren kalitatean eragina izan dute obrek. Hondarra lodiagoa da orain, zakarragoa. Itsasoko uraren korrontea eta olatuen norabidea aldatu egin dira. Herritar batzuk, tartean surflariak, haserre daude, eta eztabaidak izan dira.

Iaz, denboraleak espigoia puskatu zuen. Kalteak konpontzeko, barraren muturra bi metro altxatu dute.

Portuko zalgurdia eta txu-txu trena

Hondartza herrigunetik kanpo egoteak auto eta garraio mugimendu handia ekarri izan du beti Oriora. Arazo horri konponbidea emateko saiakerak beti egon dira. 1970eko hamarkadan Udala kanpotik zetozen automobilei kobratzen hasi zitzaien hondartzara joatea, autopista azpialdean. Garai bertsuan, Portu baserriko Manuel Indok zalgurdia jarri zuen herritarrak hondartzara gerturatzeko; hasieran, pezeta baten truke. Orioko lehen txu-txu trena izan zela esan daiteke. Benetako txu-txu trena, ordea, 2009an jarri zuen Udalak, enpresa bati alokatuta, eta handik bi urtera erosi.

Hondartza baino zerbait gehiago

2014ko datuen arabera, ekainetik irailera 7.955 bisitari pasatu ziren turismo bulegotik. Horietatik %31 Euskadikoak, %43 Espainiatik etorriak eta %26 kanpotik.  Oriok turistak erakartzen ditu, eta bisitarientzat duen eskaintza nahiko zabala da.

Gastronomia aberatsa eskaintzen dute herriko jatetxeek. Bisigua izan da 1960ko hamarkadatik hona Oriorekin estuen lotuta agertzen den amua. Urteotan jende asko etorri da Oriora bisigua jatera. Bisigua jateko Orioko estiloa ere zabaldu da bazterretan. Azken urteotan propio ospatzen da bisiguaren eguna uztailean.

Orio herri euskalduna izateak ere erakartzen ditu hainbat talde, gure artean euskararen erabilera indartzeko edo bertsotan ikasteko egonaldiak egitera, bai Txurruka kanpalekura bai Itxaspe baserriko aterpera.

Hondartzaz gain, bada hainbat jarduera egiteko aukera ere: surfa, parapentea Kukuarritik, errioan arraunean… Arraunetxek, Begi-bistan enpresaren bitartez, aukera zabala eskaintzen du: kayakean eta traineruan ibil daiteke, raftinga edo padel surfa egin, bisita gidatuak…

Iparraldeko Donejakue bidea Oriotik pasatzen dela-eta, erromes ugari geratzen dira herrian. 2009ko urrian Kale Nagusiko Iturriaga jauregian interpretazio- zentroa ireki zuten; 2014an 960 bisita izan zituen. Bulegotik pasatutako erromesen kopurua gora egin du: 2012an, 1.806; eta 2014an, 2.310.  Jatorriari dagokionez, mundu osoko lekuetatik datoz: Madril, Katalunia, Frantzia, Alemaniatik, AEBk, Hegoafrika, Japon, Brasil eta beste hainbat lekutatik datozenak ere badira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide