Lau oriotar Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan

Karkara 2015ko ira. 17a, 10:00

43 bertsolarik hartuko dute parte irailaren 20an Beasaingo Usurbe antzokian hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Hiru hilabetez luzatuko da eta abenduaren 20an jokatuko da finala Donostiako Ilunben. Saioetarako sarrerak zein bonuak dagoeneko salgai daude.

Udaberrian abiatu zen Gipuzkoa Bertsotan, 74 bertsolarirekin. Sailkapen fasetik 30 bertsolarik lortu zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako txartela. Horiei, duela lau urteko txapelketan sailkatzea lortu zuten beste 13 bertsolari gehitu zaizkie; osotara, 43 bertsolarik hasi dute txapelketa. Tartean lau oriotar daude: Iñaki Gurrutxaga, Ibai Esoain, Egoitz Eizagirre eta Xabier Sukia.

Horiez gain, bederatzi gai-jartzaile, 19 epaile, hiru idazkari eta laguntzaile ugari izango dira txapelketan lanean.

Hiru hilabetez 15 saio jokatuko dira Gipuzkoan barrena: sei final zortziren, bost final laurden, hiru finalaurreko eta finala. Lehen saioa irailaren 20an jokatuko da Beasaingo Usurbe antzokian. Hortik aurrera, ia astero izango da dira saioak, fasetik faserako asteburuetan izan ezik.

Aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa abenduaren 20an amaituko da Donostiako Ilunben egingo den finalarekin. Bertan, sailkatzea lortu duten zortzi bertsolarik hartuko dute parte.

Sarrerak eta jarraipena

Dagoeneko saioetarako sarrerak salgai daude, www.bertsosarrerak.eus webgunean. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezia izango dute sarreretan. Halaber, saio guztietarako –finala salbu– balio duen bonua ere salgai dago internetez.

www.bertsozale.eus webguneak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren informazio osoa eta eguneratua eskainiko du. Horrez gain, www.bertsoa.eus atariak eta ETBko Hitzetik Hortzera telebista-saioak horren gaineko jarraipen berezia egingo dute.

Sare sozialetan ere Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen profilen bitartez segimendua egingo zaio Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari: @GBertsozale Twitterren eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen Facebookean. Twitterren #GBT15 traola erabiliko da.

Lau oriotarren bertso bana

Egoitz Eizagirre

 

Ibai Esoain

 

Iñaki Gurrutxaga

 

Xabier Sukia

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide