Euskara doan ikasteko zerbitzua egongo da

Karkara 2015ko ira. 15a, 11:37

Udalak euskara ikasteko aukera eskura jarri nahi die oriotarrei. Horretarako, doako ikastaroak izango dira aurtengo ikasturtean. Kosta tailerrean izango da Euskaltegia.

Erraztu egin nahi du Udalak euskara ikasteko aukera. Aurtengo ikasturtean hasita, zerbitzu berritua eskainiko du, eta zerbitzuaren kostua Udalak ordainduko du. Hortaz, ikasleentzat doakoa izango da zerbitzua.

Aurrerantzean oriotarrek ez dute ordaindu beharko euskara ikasteko. Baina, ikasle bakoitzaren konpromisoa ziurtatzeko, 100 euroko fidantza ordaindu beharko du ikasle bakoitzak. Diru kantitate hori ikasturtea bukatzean itzuliko da. Honela, asistentzia egokia izango dela ziurtatu nahi da.

Kudeaketa Urola Kostako AEKren esku gelditu da. Lehiaketa publikoa zabaldu zen, eta zerbitzuaren gestioa Urola Kostako AEKri adjudikatu zaio. Emango den zerbitzuen artean berritasun bat dago, autoikaskuntza zerbitzua.

Euskaltegian aukera izango da eskola presentzialetan izena emateko, maila guztietan. 0 mailako ikastaroak izango dira, euskalduntze maila guztiak, B1-B2-C1 EGA azterketak prestatzeko ikastaroak, alfabetatze ikastaroak eta mintzalagun taldeak.

Baina, horrez gain, autoikaskuntza zerbitzua ere izango da. Tutore batek gidatuta, lana bakarka egin behar du ikasleak. Euskaltegira joan daiteke lana egitera, baina baita etxean ere. Astean behin bilerak egingo ditu tutorearekin, ahozkotasuna lantzeaz gain astean zehar izan dituen kezkak eta zailtasunak argitzeko.

Euskaltegiaren egoitza Kosta tailerrean dago, beheko solairuan. Arrantzale kaletik dauka sarrera. Lokalaren egokitze lanak orain bukatu dira eta bihar, irailaren 16an, irekiko ditu ateak. Astelehen eta asteazkenetan 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta asteartea eta ostegunetan, 10:00etatik 13:00etara.

Izena emateko euskaltegira joan zaitezke, arestian aipatutako orduetan edo 670 42 00 25 –Amaia Zaldua– telefonora deitu dezakezu. Udaleko Euskara Zerbitzuan ere eman daiteke izena udaletxera joanda edo 943 83 03 46-8 telefonora deituta.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide