Esku-hutsik lehen jardunaldian

Karkara 2015ko ira. 15a, 08:44

Erregionalen ohorezko mailako lehen jardunaldia galdu zuen Oriok, 1-2 emaitzarekin. Datorren astean denboraldiko lehen garaipenaren bila joango dira. Euskaldunaren aurka dute partidua.

Taldea denboraldia hasteko gogoz dagoela aitortu zigun Jaime Coladok. Eta gogotsu aritu ziren asteburuko partidan, larunbatean 16:30ean jokatu zenean. Lehen zatian, ordea, ezin izan zuten partidua kontrolpean eduki; eta, bigarren zatian gola sartu arren, ezin izan zuten partidua irabazi. 1-2 galdu zuten.

0-2 hasi ziren galtzen. Emaitza horrekin amaitu zen lehen zatia, ordiziarren alde. Bigarren zatian berdintzen ahalegindu ziren. Ander Dorronsororen golaren ondorioz, markagailuan gerturatzea lortu zuten, baina ez zuten berdintzen asmatu.

Dena den, ez dute buru makur egoteko arrazoirik. Maila bat gorago daude, eta, berdin-berdin, lehiakorrak direla demostratu zuten. Denboraldiko lehen jardunaldian punturik lortu ez zuten arren, gogotsu daude denboraldiarekin jarraitzeko. Orain, taularen 11. postuan daude oriotarrak. Datorren astean sailkapenean gora egiten ahaleginduko dira. Euskaldunaren aurka dute partidua, etxetik kanpo.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide