Balearen ibilaldia, Oriotik barrena

Karkara 2015ko ira. 15a, 08:44

Argazkia: Badok 13

Kostalde baleada izeneko ibilaldia egiteko, Orion, bi tokitan eman daiteke izena: Iturain estankoan eta Uranga burdindegian, 25 euroren truke. Euro bat gehiago ordainduta internetez ere egin daiteke.

Irailaren 26an, larunbata, Donostia eta Zarautz lotuko ditu Kostalde baleada izeneko ibilaldiak. Ekimena Zarauzko Badok 13 elkarteak antolatua da aurtengo edizioan. Ibilaldiaren antolaketarako laguntzaileen artean daude Orioko Arraun Elkartea eta Talaimendi mendizaleen elkartea ere. Ibiltariek, Donostiako moilatik abiatu eta Igeldotik barrena etorrita, Orion atsedenaldia izango dute eguerdi aldean, Zarautzen proba bukatu aurretik.

Parte hartzea zabalik dago edonorentzat. Orion bi tokitan egin daiteke izen ematea: Iturain estankoan eta Uranga burdindegian, 25€ren truke. Interneten bidez ere egin daiteke, www.gipuzkoakostaldebaleada.com helbidean sartuta, euro bat gehiago ordainduta (26€). Diru hori ekimenaren gastuei aurre egiten laguntzeko izango da, eta parte hartzaileek ordainduta izango dute Donostiara eramango dituen autobusa, Donostiako portutik abiatu aurreko gosari energetikoa, Kukuarri mendiko freskagarriak eta fruta, Orioko ikastolako pergolako hamaiketakoa, Zarauzko Talai Mendi txakolindegiko sagardoa eta gazta eta, bukatzeko, Zarauzko plazan izango duten bazkaria, marmitako jatea.

Bazkal ondoren, amaitzeko, festa izango da: trikitixa, Larrain dantza, kantuak… Ibilaldia euskal kostalde osoa batzeko kultur egitasmo baten barruan kokatzen da, ardatz hauen inguruan: euskal kultura, hizkuntza, balearen arrantza eta euskal arrantzaleek XVI. eta XVII. mendeetan Ternua aldean bizi izandako historia.

Euskal kostaldeko ibilaldi hau Iparraldeko talde baten ekimenez sortu zen orain dela urte batzuk eta aurten, antolaketaren ardura zarauztarrek hartuta, Gipuzkoako kostaldearen zati bat urratuko du: Donostiatik Zarautzera bitartekoa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide