Udako kanta

Onetsine Arrizabalaga eta Itziar Urretabizkaia 2015ko ira. 14a, 14:35

Ikasturte berria hastera doa eta udako balantzea egiteko garaia ere izaten da iraila. Atzerrian bizi arren, Josu Zubiak eta Julio Sotok uda honetan idatzitakoak irakurri ditut, tabernetako euskal musika falta eta jartzen dituzten kantuen letra sakon eta sexistei buruz idazten. Eta gai berari helduko diot oraingoan: zer dago udako
kantuen atzean?

Etxera egin nuen azken bisitan, festarako denbora gutxi izan nuen tamalez, baina Arremanitzekoek Azkoitian antolatutako TO! –Tratu Onen– festan izan nintzen. TikTara saltseroekin euren Hariak izeneko lan berriaz gozatu eta dantza piloa egin nuen.

Betidanik izan ditut saltsa doinuentzako hanka arinak; baina, letrari erreparatzeak, gogaitu eta maiz nazkatzen nau ordea!

Aurten iritsi da adibidez Tacatá kanta Alemaniako irratira, eta  jartzen dutenero itzali edo leihotik botako nuke... Ez hala Tiktara edo La Jodedera bezalakoak entzuten ditudanean.

Beste hainbat alorretan bezala, kalitatezko musika talde asko dago Euskal Herrian, musika estilo askotarikoak. Kontxarako prestatua dut datorren bidaia eta ea #AurtenBai, Orioko neska-mutilak punta-puntan ibiltzen diren, eta tabernetan aurtengo udako euskal kantuak ezagutzeko parada dudan. Nire proposamena: TikTara taldeak egiten duen Ez pentsa kantaren bertsioa!

Zaila jarri didazu One, zeren ni ere denbora da ez naizela inguru hauetatik parrandan ibili! Hori bai, esan beharra daukat herrian atera nintzen azkenengoz reggaetona entzuteaz nazkatuta bukatu nuela. Esan beharrik ez dago ez nuela dantza izpirik ere egin, ez baitut musika mota hori batere gogoko : ez erritmoa eta are  gutxiago mezua –horrela deitzerik baldin badago–.


Atentzioa emateko modukoa iruditzen zait euskal tabernetan, edota, herriko festetan horrelako musika jartzea. Hemengo musikarekin fusio motaren bat izango balu, agian, interesgarriagoa irudituko litzaidake, Onek aipaturiko TikTara taldearen antzera, baina oraindik behintzat ez dut horrelako ezer entzun.

Soziologoak dagoeneko aipatzen ari dira musika honek datozen belaunaldietan daukan eragina emakumeenganako tratuan, baita beren jarreran ere. Hiri handietan garbi ikusten da, ez dakit hemen  ere horrela den.

Oso irratizalea ez naizenez, ez daukat ideiarik ere aurtengo udako kanta zein izan daitekeen: ikusi dudan bakarra da telebista lehiaketetako ezagun batzuek hainbat abesti atera dituztela helburu hori lortzeko intentzioarekin. Niri bost. Sentitzen dut, baina klasikoekin geratzen naiz: Kortaturen Sarri sarri udan entzuten badut, horixe da nire udako kantua. Agian amonduta nagoen seinale!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide