Lau urte igaro dira Errekalde auzoko Kukutza hustu eta bota zutenetik. 2011ko irailaren 23an, beren desadostasuna adieraztera joan ziren 19 pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak. Horien artean zegoen Aratz Madariaga oriotarra.
Datorren astean, irailaren 14an eta 16an epaituko dituzte 19 atxilotuak, eta espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak desordena publikoa egotzita. 18 hilabeteko kartzela zigorra eta kalteen ordainketa eskatzen dute Madariagarentzat. Epaiketa Bilboko zigor arloko epaitegian izango da, 9:00etan. Kukutzako auzipetuen kontra irekitako prozeduratatik azkena eta pilatzen duen zigor kopuruarengatik gogorrena dela dio Kukutzaren Elkartasun Taldeak.
Madariagaren kasuan, zaborrontziak erretzea leporatzen diote, baina, suhiltzaileen txostenaren arabera, bera atxilotu zutenetik ordu batzuetara erre zituzten lehen zaborrontziak. Defentsa bezala Ertzaintzaren inkoherentziak erabiliko dituztela esan du auzipetuak, deklaratu dutena ez baitator bat gertatu zenarekin.
Auziarekin lotuta egin diren orain arteko epaiketatan hiru urteko espetxe zigorra ezarri diote auzipetu bati, eta helegitea aurkeztu dute. Gainerakoak absolbitu egin zituzten.
Elkarretaratzea Orion eta manifestazioa Bilbon
Jendearen babes handia jaso duela esan du Madariagak; herritar askok idatzi dizkidate mezuak eta batzuk epaiketara ere etorriko dira. Bestalde, elkarretaratzea egingo dute astelehenean bertan, 19:00etan, herriko plazan.
Horrez gain, irailaren 12rako, larunbaterako manifestazio deialdia egin du Kukutzarekin Elkartasun Taldeak, auzipetuei elkartasuna agertzeko. Elkartasuna ez da delitua lelopean, 18:00etan Jesusen Bihotzaren plazatik abiatuko da manifestazioa eta Zea Mays eta Akerjenbe Sound System taldeek parte hartuko dute. Epaiketa eguneatn ere elkarretaratzeak egingo dituzte epaitegiaren aurrean, 9:15ean.