Inma Peiro: "Itsasoarekin loturiko lehorreko lanak erregulatzeko lege aurre proiektua egin dute, baina emakumeok egiten ditugunak ez dira aipatu ere egiten"

Karkara 2015ko ira. 11a, 11:12

Urte mordoa daramatza Inma Peirok saregile lanetan. Moilan eserita, estanpa erromantikoa osatzen duten arren, lanbide gogorra da berena. Historikoki gizonezkoena izan den mundu batean, beren lana aitortzeko eta baldintza duinak lortzeko borrokan ari dira itsas emakume langileak.

Zenbat emakume zaudete arrantzarekin loturiko lanetan Euskal Herrian?

Euskadiko sarteginak 50 inguru gara, Bermeoko sareginak eta neskatilak 20 inguru, eta Ondarruko fardo-egileak beste 20. Guztira 90 emakume inguru gabiltza arrantzarekin loturiko lanak egiten.

Orion bederatzi saregile gara. Asko jaitsi da saregile kopurua, garai batean 50 inguru ginen Orion bakarrik. Itsasontzi kopurua ere jaitsi da, baina orain handiagoak dira, eta baita sareak ere; beraz, lana ez da hainbeste jaitsi.

Nolakoak dira zuen lan baldintzak?

Gaur egun ditugun baldintzak lehen baino hobeak dira. Aulki txikiekin ia lurrean eserita egotetik aulki altuetan esertzera pasatu gara. Horrez gain, orain lonja barruan gaude gehienetan, euritik eta eguzkitik babestuta. Hala ere, batzuetan moila gainera joaten gara eta han duela 100 urteko baldintza berak ditugu: lurrean eserita eta eguzkipean edo euripean.

Osasunarentzat eraginak al ditu horrek?

Bai, gaixotasunak izaten ditugu. Artikulazioetan, azalean... guztiok antzeko gaitzak ditugu, eta argi dago lanbidearekin lotuak daudela. Hanketako, aldakako, sorbaldako eta eskuetako minak izaten ditugu. Badira, baita, azaleko minbizia izan dutenak ere.

Bestelako arriskuak ere izaten al dituzue?

Istripuak izateko arriskua dugu lanean, ez gara denbora guztian eserita egoten. Ontzira salto egiten dugu, adibidez. Iaz getariar bat horretan ari zela erori egin zen eta aldaka hautsi zuen, horrekin bueltaka dabil oraindik. Sarea ere guk geuk kargatzen dugu eta, ez dirudien arren, pisua dauka. Gainera, sarearen gainetik ibiltzen gara, eta estropezu egin dezakegu.

Hori guztiaz gain, iazko luizitik konponketa egin duten arte –urtebete baino gehiago–, ibaia txalupan zeharkatu dugu. Beharrezkoa ez zen arrisku bat gehiago zekarren horrek.

Ordutegi finkorik ez duzue, ezta? Ordu asko sartzen dituzue.

Lonjako konponketa lanetan, presarik ez dutenetan, zortzi ordu sartzen ditugu egunean. Baina presazko lanak etortzen direnean hamabi ordutik ez gara jaisten normalean. Gauerdira arte egoten gara lanean, ordu asko dira.

Gainera, edozein ordutan lanera joateko prest egon behar dugu, goardian. Ontziak portura sartzen direnean berdin dio orduak, dena utzi eta lanera joan behar dugu. Arratsaldeko seietan edo goizeko lauretan, berdin-berdin.

Titulua atera behar duzue saregile moduan lanean aritzeko?

Bai, autonomo bezala lan egiteko titulua behar genuela esan zuen Itsasoko Gizarte Institutuak. Urteak lanean arituta ere, kurtsoak egin eta titulua ateratzen ez bagenuen ezin genuen saregile lanetan jarraitu.

Hala ere, ez da lanbide bezala aitortzen.

Ez, ofizialki saregile lanbidea ez da existitzen. Ez dauka lanbide kategoriarik.

Horregatik sortu zenuten Itsas Emakume Langileen Federazioa?

Bai. Iaz sortu genuen euskal herriko hiru elkartek: Euskadiko Sareginak, Bermeoko Sareginak eta Neskatilak eta Ondarruko Fardo-egileak. Gure lana lanbide gisa aitortzeko helburuarekin sortu genuen.

Hiru eskakizun ditu federazioak. Lehena, lanbidea aitortu eta gizarte segurantzan kotizatzea, ez autonomo gisa. Bigarrena, lanbidearekin lotutako gaixotasunak aitortzea eta aintzat hartzea, lehen aipatu ditudanak ez baitaude lanbide-gaixotasun gisa hartuta.

Azkenik, koefiziente murriztailea eskatzen dugu. Hau da, arriskuko lanbideetan, jubilazioa lehenago hartzeko, lan egiten duzunari portzentaje bat gehitzen zaio kotizazioan. Arrantzaleek, adibidez, 40 urte lan egiten badute 50 egin balituzte bezala kotizatzen dute, eta jubilazioa bederatzi urte aurreratzen zaie. Guk ere horrelako murrizketa eskatzen dugu.

Eusko Jaurlaritzarekin lanean ari zarete?

Bai, Eusko Jaurlaritzak aitortzen du gure lana, eta baita Kantauri itsasoko beste komunitateek ere. Europan ere aitortzen dute, baina gaia Espainiako Gobernu Zentralari dagokio, eta ez digute aintzat hartzen. Itsasoarekin lotutako lehorreko lanbideak erregulatzeko lege aurreproiektua egin dute orain, eta emakumeon lanbideak ez dira aipatu ere egiten. Ez gara existitzen.

Ahaztuta dagoen sektore bat da zuena.

Erabat. Itsasoko mundua beti izan da gizonezkoena. Gizonezkoek lana egiten dute eta emakumea laguntzeko dago. Ez da kontuan hartzen gure lana, etxetik hasita. Saregileon lana oso idilikoa iruditzen da askotan, moila gainean eserita irudi polita egiten dugu. Baina askotan ez da kontuan hartzen lanean ari garela, eta ez denbora pasa. Zenbat aldiz entzungo ote genuen ederki gaudela eguzkitan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide